Zenbait kontu argitu ditu asteburuan jokatutako Lau t´erdiko final laurdenetako 2. jardunaldiak. B multzoan, Urrutikoetxeak 22 eta 14 irabazi zion Ezkurdiari. Zaratamokoa finalerdietarako sailkatu da, beste partidan Altuna III.ak 22 eta 7 hartu baitzuen menpean Artola, eta Alegiakoa aukerarik gabe geratu delako. Hortaz, asteburuan Ezkurdiak eta Altunak jokatutako partidan gailentzen dena Urrutikoetxearekin batera pasako da finalerdietara.
Joseba Ezkurdiak eta Mikel Urrutikoetxeak larunbatean jokatu zuten, Bilbon. Biak lehen jardunaldian irabaztetik zetozen eta bigarren puntua lortzeko irrikitan zeuden. Ezkurdiak Juan Martinez de Irujo zuen botillero, eta Urrutik, berriz, Pablo Berasaluze. Bi trenen arteko talka izan zen larunbatekoa, baina bizkaitarra gailendu zen. Urruti aurreratu zen markagailuan hasieratik, Ezkurdiaren sake falta bat zela medio, baina bizkaitarrak lan handia egin behar izan zuen Ezkurdia menpean hartzeko. Urrutik bere jokoa ezartzea lortu zuen, eta arbizuarra partidari tamaina ezin hartu ibili zen. 7 eta 3 galtzetik 12 eta 3 galtzera pasa zen ia konturatu gabe. Horrela, lehen atsedenaldian aldageletara sartu zen arbizuarra. Horren ondotik distantziak txikitzea lortu zuen Ezkurdiak eta 14 eta 12 gerturatu zen, 7 tanto segidan egin eta gero. Baina Urritik airea hartu zuen berriz eta, azkenean 22 eta 14 irabazi zion irregular aritu zen arbizuarrari.
A multzoan, bestalde, gauzak ez daude horren argi. Olaizola II.ari 21 eta 22 irabazi zion Victorrek eta Bengoetxea VI.ak 22 eta 21 irabazi zion Danel Elezkanori sekulako erremontada egin eta gero. Baina Bengoetxea VI.ak min hartu zuen eskuin eskuko bigarren behatzean, haustura dauka, eta Asegarcen egun pare bat itxarongo dute zer egin erabakitzeko. Izan ere, Elezkano aukerarik gabe geratu da eta Victorrek, Olaizolak eta Bengoetxeak sailkatzeko aukera dute. Bengoetxea Victorren kontra eta Olaizola Elezkanoren kontra aritzekoak dira asteburuan, baina ikusi beharko da Bengoetxearen lesioak zer uzten duen.
Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako 3. jardunaldia
Urrutikoetxea – Artola
Ezkurdia – Altuna
Elezkano – Olaizola
Victor – Bengoetxea