Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako azken jardunaldiak erabakiko du zein pilotari pasako den final erdietara. B multzoan gauzak nahiko argi daude: Urrutikoetxea dagoeneko finalerdietarako sailkatua dago eta Artola, aukerarik gabe. Beraz, ostiralean biek Balmasedan jokatuko duten partidak ez du ezer erabakiko. Erabakiko duena igandeko Tolosako partida izanen da: Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatuko duten partidako irabazlea sailkatuko da, Urrutirekin batera, finalerdietara.
Ostegunean aukeratuko dute materiala
Partida oso konplikatua izango da, bi pilotariek euren joko guztia jarriko dutelako finalerdietan egoteko. Ezkurdiak bikain jokatu zuen Artolaren kontra, baina Urrutikoetxearen kontra, aldiz, irregular ibili zen. Altunari antzeko zerbait gertatu zitzaion: Urrutikoetxearen kontra, gaizki ibili zen baina Altunaren gainetik pasa zen. Hortaz, aurretiazko finala dute jokoan biek igandean Tolosan. Ostegunean, 15:00etan, aukeratuko dituzte hil ala biziko partidarako pilotak, Beotibarren.
A multzoan, aldiz, guztia erabaki gabe dago. Aimar Olaizolak eta Elezkanok partida erabakiorra dute larunbatean Labriten. Aimarrek irabazten badu, finalerdietarako sailkatuko da; aldiz, Elezkanok hiru puntuko aldea baino gehiagorekin irabazi beharko luke sailkatzeko. Baina, tartean, Bengoetxea VI.aren lesioa dago. Leitzakoak ostegunean erabakiko du torneoan jarraitzen duen, aurreko jardunaldian mina hartu baitzuen eskuin eskuko hatz erakuslean. Jarraitzen badu, igandean Victorren kontrako partida irabazi beharko luke finalerdietara sailkatzeko, eta, Victorrek irabaziz gero, Victor sailkatuko litzateke.
Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako 3. jardunaldia
Urrutikoetxea – Artola (ostiralean, 20:00etan, Balmasedan)
Olaizola II.a – Elezkano (larunbatean, 17:00etan, Labriten)
Bengoetxea VI.a – Victor (igandean, 17:00etan, Adarragan)
Ezkurdia – Altuna III.a (igandean, 17:00etan, Beotibarren)