Presoen abokatuak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeko kideak, presoen senideak biltzen dituen Etxerat, presoen osasun egoeraz eta eskubideez arduratzen den Jaiki Hadikoak edo presoen giza eskubideak aldarrikatu zituen Herrira mugimenduko kideak. Guztira 48 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. “ETAren espetxe frontea” osatzea leporatuta fiskaltzak guztira 590 urteko espetxe zigorra eta 117.600 euroko isuna eskatu du.
Auzipetuen artean Fran Balda arbizuarra dago. 21 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin beharko dio. Herriraren kontrako sarekadan atxilotu zuten 2013ko irailaren 30ean eta lastailaren 4an askatu. Bigarrenez, 2015eko ilbeltzaren 12an atxilotu zuten eta urte hartako lastailaren 16ra arte preso egon zen. Arbizuarrari eta gainontzeko auzipetuei 2012 eta 2014 urteen artean “terrorismo delituak” egitea leporatzen die fiskaltzak. ETAk jardun armatua 2011n bukatu zuen.
11/2013 sumarioa
Fiskaltzarendako atxilotuek “ETAren espetxe frontea” osatzen zuten eta, beraz, “erakunde terroristako kide” izatea leporatzen die. Fiskalaren arabera atxilotutakoak “Koordinazio Gunean biltzen ziren, ETAren aginduak kudeatzeko”. Auzipetze autoan Elaoy Velasco epaileak aitortzen du aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen arteko lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko “inongo daturik”. Hala ere, epialeak ziurtatu du auzipetu guztiek bazekitela “Koordinazio Taldekokoeek (EPPKren bitartekariek) ETArekiko menpekotasun harremana zutela” eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren hutsunea betetzen zutela.
Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salaren 2. Sekzioko epaile batek, Jose Ricardo De Pradak boto partikularra kaleratu du. Bere iritziz ez dago deliturik auzipetuen jardunean, baizik eta polizien “interpretazio subjektiboak” daude akusazioen oinarrian. Epailearendako epaitzekoak direnak “jarduera politiko hutsa” dira.
Babes taldea
Auzipetuei babesa emateko hainbat pertsonek eta eragilek, ELA eta LAB sindikatuak barne, babes taldea osatu dute. Larunbatean agerraldia egin zuten Donostiako Aiete jauregian. Taldekideek bat egiten dute De Prada epailearen iritziarekin. Salatu dute Espainiak “arazo politikoen aurrean errepresioaren hautua egitea soil-soilik, soluzio politikoak bazter utzita”. Babes taldekoek esan dutenez, “arduratzen gaitu halako makrosumarioek Euskal Herriko bizitza sozial eta politikoan izan dezaketen eraginak”. Epaituko dituzten 48ak “bakearen alde” modu “publiko eta transbertsalean” lan egin dutela gaineratu dute.
Kezkaz hartu dituzte akusazioa eta zigor eskaerak, “larriak” direlako. Horregatik, herritarrei, eragile politiko, sindikal eta instituzionalei salaketa dinamikekin bat egiteko deia egin diete, desberdintasun ideologikoen gainetik eta nork bere ahalegin esparrutik”.