Lau t´erdiko Txapelketan finalerdietara nor sailkatu, hori zegoen jokoan asteburu honetan. Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak final kutsuko partida zuten, irabazleak finalerdietarako txartela lortuko baitzuen.
Ikusmina handia zen Beotibarren eta aipatu behar da ongi hasi zirela gauzak arbizuarrarendako. Lehen tantoa ateratzea egokitu zitzaion eta bere sake zitalei esker 6 eta 1 aurreratu zen. Une horietan gaizki zebilen Altuna, txispa eta magiarik gabe, baina gipuzkoarrak ongi erantzuten jakin zuen. Ezkurdiak akatsa egin eta gipuzkoarrak bigarren tantoa lortu eta gero, gantxoarekin mina egiten hasi zen Altuna eta 12 tanto egin zituen segidan, 6 eta 13 aurreratuz. Ezkurdiak behera egin zuen akatsa egin eta gero, eta arbizuarra partidatik atera zuen Altunak. Artista bikaina da gipuzkoarra, eta Ezkurdia baino gehiago izan zen, alor guztietan. Norabiderik gabe ibili zen arbizuarra, bere fisiko pribilegiatu horri zukua atera ezin, eta egoerari buelta ematen jakin gabe. 13 eta 16 hurbildu zen Ezkudia, baina amezketarra zuzenean joan zen garaipenaren bila.
Azkenean, 13 eta 22 irabazita, Lau t´erdiko txapelketako finalerdietarako sailkatu zen Altuna. Joseba Ezkurdiak, kontrako egoerari buelta emateko gaitasun falta izan zuen, eta beste behin, atean geratzearen sentsazio horrekin geratu behar izan zuen.
Lau t´erdiko finalerdietara Urrutikoetxea, Altuna, Olaizola eta Bengoetxea VI.a sailkatu dira. Altunak Aimar Olaizola izango du aurkari larunbatean Labriten, eta Bengoetxea VI.ak Mikel Urrutikoetxearen kontra jokatuko du igandean Adarragan.