Igandean hasi zen Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Nafarroako 2017ko Sokatira Txapelketa, Arbizun.
Guztira, lau jardunaldi jokatuko dira txapelketan. Gizonezkoak bi pisutan lehiatzen ari dira eta zortziko taldeak izanen dira. Emakumezkoetan, berriz, seiko taldeak izanen dira eta pisu bakarrean lehiatzen ari dira. Horretaz gain, talde mistoak ere pisu bakarrean lehiatuko dira eta zortziko taldeak izanen dira, lau gizonezko eta lau emakumezko.
Gizonezkoetan, 640 kiloko txapelketa jokatuko da (2 jardunaldi, liga sistema bidez), eta 600 kiloko txapelketa (2 jardunaldi, liga sistema bidez). Talde mistoen 550 kiloko txapelketan bi jardunaldi jokatuko dira, liga sistema bidez, eta emakumezkoen 375 kiloko txapelketan 2 jardunaldi jokatuko dira, liga sistema bidez.
Esan bezala, igande eguerdian hasi zen txapelketa, Arbizuko kiroldegian. Zehazki, gizonezkoen 640 Kiloko Txapelketako lehen jardunaldia eta Emakumezkoen 375 kiloko Txapelketako lehen jardunaldia jokatu ziren. Gizonezkoen txapelketan, Beti Gazte izan zen onena (3 puntu), Berriozarren (2 puntu) eta Antsoainen aurretik (puntu 1). Emakumezkoetan, aldiz, Txantrea gailendu zen (4 puntu), Berriozarrek eta Beti Gaztek berdindu egin zuten (2,5 puntu) eta Antsoain azkena sailkatu zen (puntu 1). Aipatu txapelketak larunbatean erabakiko dira, Berriozarreko pilotaleku berrian, 17:00etan.
Azaroaren 11n Lakuntzan
Azaroaren 11n, 12:00etan, Lakuntzako Pertzak antolatutako bazkide egunaren barruan Nafarroako Sokatira Txapelketaz gozatzeko aukera izango da Behar-Zana pilotalekuan.