Olatzea hotela berriz zabalik

Guaixe 2017ko abe. 11a, 15:31

Izar Ondo hostalaren jabe den Reparaz-Lopez familia da Olatzea landa hotelaren kudeatzaile berria. “Arbizuko Udalak luzatutako eskaintza onartu eta gure esperientzia luzea Olatzeako orma zaharretara ekarri dugu”. Izan ere, Reparaz-Lopez familiak XX. mende erdialdetik kudeatzen du Izar Ondo hostala, ordutik zerbitzua eman diena sakandarrei, bisitariei eta inguruko lantegietako langileei.

Zenbait hilabetez itxita egon ondoren, abendu hasieratik zabalik dago Olatzea landa hotela. Izar Ondoko kudeatzaile berriek beraien “betiko ilusioa eta profesionaltasuna jarri nahi dizkiote ibilbide berrian”. Haiena landa turismoaren sektorea, tokiko gastronomia eta Sakanako kalitatezko zerbitzuak hobetzeko apustua da.

Eraikinaren historiaz
Arbizuko errota 1911n jaso zen. 50eko hamarkadara arte irina egin eta argindarra sortzeko erabili zen. 1960az geroztik udala da errotaren jabe. Udalaren ekimenez eraikina Olatzea landa hotel bihurtu zen 2008an. Eraldaketa horretan Leziza ibaiaren uren erabilpenerako sortutako egiturak mantendu ziren.

Lotura: https://guaixe.eus/arbizu/1386946290204-olatzea-landa-hotela-zabalik