Oier Lacruz xakelari onena Arbizun

Guaixe 2017ko abe. 19a, 13:36

XVIII. Sakanako Xake Txapelketan 16 xakelari aritu ziren eta guztien artean gazteena, Oier Lacruz, izan zen txapelduna

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Sakanako Zaldi Beltza Xake Taldearen eta Arbizuko Udalaren laguntzarekin antolatuta, larunbatean jokatu zen XVIII. Sakanako Xake Txapelketa, Arbizuko ekokanpinean. Txapelketa hau, aldi berean, Nafarroako Xake Txapelketa izan zen 1.900 ELO puntutik behera.

Goizeko 9:30ean hasi ziren xakelariak Arbizuko ekokanpinera hurbiltzen. Zaldi Beltza Xake Taldekoak zituzten zain, guztia behar bezala prestatzeko. 16 xakelarik eman zuten izena lehiaketan parte hartzeko; horietatik 5 sakandarrak ziren eta gainontzekoak iruindarrak. Goizeko 10:00ak pasa hasi ziren partidak. Metodologiari dagokionez, 20 minutuko 8 partidara jokatu zen Txapelketa. Zaldi Beltzakoek esan digutenez, txapelketa polita izan zen.

Aurreko urtean bezala, xakelari gazteena izan zen txapelketa irabazi zuena. Iaz Manex Regillaga bizkaitarra izan zen garailea, eta, aurten, aldiz, Oier Lacruz iruindarra. Puntu t´erdiko abantaila atera zion Cesar Arrese bigarrenari, naiz eta partida bat galdu. Juan Sanciñena sailkatu zen hirugarrena. Antolakuntzatik gaineratu dutenez, gainontzeko xakelarien maila antzekoa izan zen, berdintasuna izan zen nagusi eta partida oso lehiatuak izan ziren. Jakina, Oier Lacruzek ere 16 urtez azpiko saria jaso zuen. Eta bost sakandarren artean, Victor Barriga izan zen lehena.

Antolakuntzatik Arbizuko ekokanpinaren harrera eta eskuzabaltasuna eskertu nahi dute.