Katalanez hitz egitera batzen dira astean behineko saioetan Arbizun

Leyre Mateos Galarza 2018ko urt. 12a, 08:31

Lukas Larrazak azaldu digunez, momentuz 8 kideko taldea da eta ordu bateko “klaseetan” katalaneraz moldatzen ikasteko elkartzen dira. Badakizue ba, katalanez hitz egiteko lekua badago Sakanan.

1. Nondik atera zenuten ideia?
Ideia Monikarena izan zen, berak interesa zeukan eta beste pertsona batzuk interesa zeukatela esan zidan. Nik katalanez hitz egiten dudanez ideia ona iruditu zitzaidan eta hola hasi ginen.


2. Zergatik katalanera?
Bi pertsona zeuden nigana etorri baino lehen. Jendeak katalanera ikasteko interesa zuen eta praktikatzeko zenez, katalanera taldea sortu zen.

3. Nola izan zen hasiera?
Hasieran gaude, lastailean hasi ginen. Orain gutxi gorabehera testuak irakurri eta zuzenketa da egiten duguna.

4. Nola elkartu zineten kideak?
Monikak ideia zuen bezala, jende ezagunarekin, harremana zeukan jendearekin biltzen joan zen eta handik aurrera etorri da taldea.

5. Nolakoa da saioen funtzionamendua?
Printzipioz testu bat irakurri eta ahoskatzea zuzentzea da egiten duguna. Egun batez sukaldeko errezeta bat ekarri, krema katalana, irakurri eta zuzendu genuen. Ondoren elkartean krema katalana sukaldatu genuen.

6. Nork prestatzen ditu saioak?
Monikak berak prestatzen ditu fotokopia batzuk. Normalean prentsa katalaneko artikulu bat izaten da, hangoko albiste bat normalean. Baino baita Euskal Herriko zerbait katalanez idatzita.

7. Non egiten dituzue saioak?
Arbizuko Aldabide elkartean egiten ditugu, mahai batean, beti pikatzeko zerbaitekin. Giro lasaia da, baino badaude apunteak hartzen dituztenak.

8. Eta noiz?
Asteazkenetan, 19:00etatik 20:00etara.

9. Nongoak zarete taldeko kideak?
Donostiako mutiko bat, Etxarriko neskato bat, Irurtzungo beste bat eta beste guztiak Arbizukoak.

10. Edozein gehitu daiteke taldera?
Edozein, nahi duena.

11. Mailaren bat behar da taldean sartzeko?
Ez, dagoen maila oinarrizkoa da, batzuk pixka bat ulertzen zuten, baino besteek ez daukate ideiarik.