Logotipoa lehiaketa bidez aukeratuta, Bost hamarkada milaka taupada leloa lagun duela. Horiek zehaztuz hasi dute urtea Arbizuko Gazte Asanbladako kideak. Izan ere, Argi Bidea gazte elkartearen 50. urteurrena beteko du aurten. Elkartea 1968az geroztik "Arbizuko gazteendako erreferentzia esparru garrantzitsua bihurtu da. Hamaika belaunaldi pasa dira elkartetik eta haietako bakoitzak aztarna utzi du bertan". Hala azaldu zuten igandean egindako agerraldian.
Azaldu zutenez, "mende erdia betetzen dugun honetan denon artean eraikitako ibilbidea gogora ekarri nahi izan dugu. Ezin dugu aipatu gabe utzi garai hartan sorturiko gazte elkartean urteetako antolakuntza eta lanaren ondorioz harturiko izaera iraultzailea". Argi Bidean "modu asanblearioan antolatu eta autogestioaren bidez aurrera" egin dutela nabarmendu dute. Zehaztu zutenez, "sistema kapitalista eta patriarkalak inposatzen digun bizi ereduaren baitan aitortzen zaigun aisialdirako eskaintza alienatzaileari aurre egiteko makina bat proiektu zein proposamen garatu ditugu".
Gogorarazi zuten elkartea "herritik eta herriarendako makina bat ekimen antolatzen" ari dela. Eta haiek zerrendatu dituzte: Olentzero, haurrendako film emanaldiak, hitzaldiak, prestakuntza saioak, gazte egunak, dokumental emanaldia eta beste. "Horregatik, gaur egun Arbizu Argi Bidearik gabe ez dugu ulertzen". Ospatzeko "asko" dutela eta gogoz daudela aitortu eta gero dagoeneko "hainbat ekimen" prest dituztela jakinarazi dute, baina proposamenak "gogotsu" hartuko dituzte.