Euri urak eta etxetako ur beltzak sare bakarrean jasotzen dira Arbizun. Horrek bi arazo sortzen ditu. Batetik, usainak. Bestetik, ur araztegira euri urak ere iristen dira eta bere lana ez du behar bezala egiten. Legez bi sare horiek banatuta egon behar dira. Eta horretara egokitzeko eginen dituzte lan horiek Karmele Marañon Chasco alkateak azaldu digunez.
Lan horiek egiteko proiektua idazteko eta zuzentzeko deialdia egin du Arbizuko Udalak. 58.565,34 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua du eta interesatuek proposamenak hilaren 12ra arte aurkezteko aukera dute. Eskaintza onuragarrienari emanen dio udalak lana. Egitekoa martxo akaberarako despedituta izan beharko luke. Lanak, berriz, San Juan festen ondoren, udan hasiko dira. Eta heldu den urtean despedituko dira.
Arbizun aurten eginen den beste lan garrantzitsua eskola berria da. Akerrauntza inguruan jasoko dute. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eginen du lan hori. Gaur egun erakinari buruzko proiektua idazten ari direla jakinarazi digu alkateak.