Ihoteak bertan dira, eta Arbizun txatarrak ospatzeko egitarau polita antolatu dute. Hasteko, bihar mozorro eguna izango da. Dagoeneko, makina bat arbizuar koadrilek euren mozorroa prest dute eta eguerdian aterako dira kalera, desfile koloretsua egiteko. Bapo bazkaldu ondoren, inauteri festa gaueko ordu txikitara arte luzatuko da.
Baina ospakizun horrekin batera, asteartean Txatar-eguna ospatuko da eta arbizuarrei txatarraz mozorratzeko gonbitea egin diete Udaletik, Arbizuko betiko herriko inauteriei eusteko. “Jendea animatu nahi dugu txatarraz janztera, baina ez zakuaz bakarrik, txatxarraz janztea jantzi zaharrak, trapuak, zakuak, koltxak, edozein gauza janztea delako, eta, gainera, txatarraz janztea, txatamorroen makilkadarik ez hartzeko modurik onena delako” aipatu dute Udaletik.
Egitaraua
Otsailak 10, larunbata
12:00etan Aate plazan
13:00etan Kalejira.
15:00etan Bazkaria Aldabiden.
Otsailak 11, igandea
Kintuek eskien.
Otsailak 12, astelehena
18:00etan Haurrendako pelikula.
Otsailak 13, asteartea
11:00etan Pixkeet eskien.
16:00etan Dantza-kalejire eskien.
19:00etan Txistorra-jana, plazan.
20:00etan Aittun haundiya eta amiñ txikiya erretzea eta txatamorruek.
21:00ean Herri afaria Aldabiden.
Otsailak 16, ostirala
19:00etan “Adarrak dantzan” Altsasuko herri-inauteriari buruzko dokumentalaren aurkezpena.
Oharra
Bazkarirako txartelak (16 euro helduak, 10 euro haurrak, 13 euro ikasle eta langabeak) Karrika tabernan, udaletxien eta liburutegian daude salgai.