Arbizuko aurtengo kinta bederatzi gaztek osatzen dute, honakoak: Alain Alberdi, Ander Rosado, Asier Reparaz, Mattin Petriati, Jon Lazkoz, Aitana Etxabarri, Ainara Andueza, Larraitz Flores eta Itziar Razkin. Guztiak ere afaltzera elkartuko dira gaur eta horrela hasiko dituzte kinto ospakizunak. Afaldu ondoren, Argi Bidea elkarteak kinto parranda hartuko du. Larunbatean hiri-ihote ospakizunekin bat eginen dute kintoek.
Mozorro ajea atzean utzi eta igandean, 10:00ak aldera, kinto ospakizuneko gastuei aurre egiteko kalera eskatzera aterako dira. Trikitilariak lagun dituztela kintoak herrian barna ibiliko dira eskean. Egitekoak despedituta Baxerri jatetxean bazkaldu eta arratsaldean parrandari segida Tolosan emanen diote. Astelehenean bederatzikotea Izarran bazkaltzera bilduko da. Poteoan ibili eta gero Kiroldegiko tabernan afaldu eta, atzera ere, Tolosarako bidea hartuko dute 23:00etan.
Asteartean ihote ospakizunekin bat eginen dute, berriz ere, kintoek. Aldabide elkartean eskaintzen den afaria prestatzea eurei tokatzen zaie. Ez da arratsaldean izanen duten egiteko bakarra, txatarrez jantzi, zigorra eskutan hartu eta haurren atzetik korrika ibiliko dira, batean eta bestean. Afaldu ondoren, kinto ospakizunak Altsasun despedituko dituzte.