Xabier Rey Urmeneta preso iruindarraren heriotza salatzeko hainbat mobilizazio egin ziren

Guaixe 2018ko mar. 13a, 08:56

Argazkia: UTZITAKOA

Pasa den asteko asteartean hilik opatu zuten Puerto de Santa Maria IIIko espetxean Xabier Rey Urmeneta, Antxo. Asteazkenean Irurtzunen, Arbizun eta Etxarri Aranatzen kontzentrazioak egin ziren. Eta ostiralean Altsasun eta Irurtzunen. Azken hori Neumaticos Iruña enpresako langileek egin zuten, Reyk lantegi horretan lan egin baitzuen. Bere lankide izandakoek Espetxe politika hiltzailea! Antxo gogoan leloa zuen pankartaren atzean elkartu ziren.

Etxerat elkarteak presoen eskubideen alde Etxarri Aranatzen kontzentrazioa egiten du ostiralero. Azkena berezia izan zen. Reyren heriotza saihestu zitekeela gaztigatu zuten, eta heriotzaren erantzule “Espainiako estatua” egin zuen, “salbuespenezko espetxe politika suntsitzaileari tinko eusten baitio”. Ostiralean bertan, Etxarri Aranatzen, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren kontrako Mugimenduak (AEM) manifestazioa egin zuen. Mobilizazioaren buruko pankartan honako leloa zegoen: Xabier gudari eraila. Hemen ez dago bakerik. Herriak ez du barkatuko. Bestetik, Kalera, Kalera dinamikak Iruñean larunbatean antolatutako manifestazioan hainbat sakandar izan ziren.