Iruñean elkartasun-ekonomia ezagutzera emateko gune bat sortzeko egitasmoak zazpi urte baditu. Sustatzaileek diotenez, "gutxi batzuen onurarako baizik ez den ekonomiaren alternatiba gisa, kontsumoan eta baliabide naturalen esplotazioan oinarriturik dagoen ekonomia ereduari aurre egiteko, elkartasun-ekonomia bultzatu nahi dugu: pertsonak, haien hazkuntza, integrazioa eta garapena lehenesten dituen ekonomia eredu jasangarria, mundu hobeago bat garatzeko tresna izanen dena".
Autobus geltoki zaharreko txarteldegian eta tabernan kokatzen da Geltokia. REAS, Emausko Traperoak, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (CPAEN- NNPEK), EHNE Nafarroa eta Nafarroako Elikagai Artisauen Elkarteak sustatzen dute proiektua eta haren koordinatzailea Katrin Ginea Mundiñano arbizuarra da. Maiatzean zabalduko da.