Arbizuko Duatloia, bertan behera

Guaixe 2018ko mar. 23a, 10:39
Azken bi edizioetan oso baldintza gogorretan aritu behar izan dute duatletek Arbizun.

Eguraldi txarra iragatzen dutenez, goizeko kategoria txikiko proba eta arratsaldeko nagusien proba bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak



Bihar ospatzekoa zen Arbizuko 22. Duatloia. 120 duatleta zeuden izena emanda goizeko 10:00etan Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria zen VI. Arbizuko Haur Duatloian aritzeko. Eta, arratsaldean, 15:30ean abiatzekoa zen Arbizuko 22. Duatloia, 152 duatleten parte-hartzearekin. Baina antolatzaileak, Arbizuko Udalak, proba bertan behera uztea erabaki du, eguraldiagatik.

Zuhurtziaz jokatzearen alde egin dute
“Eguraldi iragarpenek ziotenaren zain egon gara azken unera arte, aldaketaren bat etorriko ote zen, baina ikusita iragarpenek eguraldi txarra iragartzen dutela, bi probak, goizekoa eta arratsaldekoa, bertan behera uztea erabaki dugu. Bi urte daramatzagu eguraldi txarrarengatik proba baldintza oso gogorretan burutzen eta aurten zuhurtziaz jokatzea erabaki dugu, ez dugu arriskurik hartu nahi. Erabaki honekin sortu ahal diren eragozpen guztiak sentitzen ditugu” adierazi du Arbizuko Udalak, nota baten bitartez.