3, 2, 1… bagoaz! Zumbathon solidarioa antolatu dute Arbizun

Guaixe 2018ko mar. 23a, 13:42

Bularreko minbiziaren aurkako Arbizuko zumbathoia bihar jokatuko da, Arbizuko kiroldegian, goizeko 11:00etatik aurrera

Biharko, larunbaterako, bularreko minbiziaren kontrako zumbathoi solidarioa antolatu dute Arbizuko kiroldegian. Arbizuko kiroldegian zumban aritzen direnetatik sortutako Arbizuko Zumba taldeak antolatu du ekimena, talde horretako Xabi, Kepa eta Mayrak bereziki. “Aurreko urtean esklerosi anitza duen Virginia Saez laguntzeko antolatu zen zumbathoia eta aurten erakunde bat laguntzea erabaki genuen. Eta bularreko minbiziaren kontra lan egiten duen Saray elkartea aukeratu genuen” azaldu digu Arbizun eta Altsasun zumba monitorea den Mayra Palopek. Hortaz, Saray elkartearen eta Arbizuko Udalaren laguntza izan du Arbizuko Zumba taldeak biharko ekimena antolatzerakoan, eta baita beste hainbat udal eta saltokiren babesa.
Goizeko 11:00etan abiatuko da saioa. Saray elkartearen aurkezpena eginen dute eta zumbathoia gidatuko duten bost monitoreak aurkeztuko dituzte. Elena, Carolina, Ainhoa, itziar eta Mayra monitoreek gidatuko dute Bularreko Minbiziaren Kontrako Zumbathoi solidarioa. Elena Funeseko monitorea da, Carolina Legutianokoa, Ainhoa Aguraingoa, Itziar Iruñekoa eta Mayra Altsasu eta Arbizukoa. “Eskaleta bat prestatu dugu eta oholtza gainera igoko gara monitoreak, txandaka, bakoitzak gure zumba koreografiak gidatzera. Gutxi gorabehera bi orduko emanaldia izango da, eta bukaeran hainbat produktu lote zozketatuko ditugu, Joseba Ezkurdiaren kamiseta eta Osasunako bi kamiseta” gaineratu du Mayrak.

Bildutakoa Sarayrendako
Bularreko minbiziaren aurkako borrokarako diru bilketa egingo du Arbizuko Zumbathoiak. Horrela, zumbathoian parte-hartuko dutenek 5 euroko sarrera ordaindu beharko dute eta ekitaldia ikustera gerturatzen diren ikusleek, aldiz, euro bateko sarrera. Antolatzaileak ekimen solidarioan parte hartzera animatu dituzte zumba zaleak eta ikusleak. Jasotakoa Saray elkartera bideratuko da. Bestalde, Sarayk euren lanaren, helburuen eta jardueren berri emateko mahaia jarriko du Arbizun.
Aurreko urtekoa arrakastatsua izan zen oso
Aurreko urteko Arbizuko Zumbathon Solidarioak esklerosi anitza gaixotasuna duen Virginia Saez arbizuarraren aldeko diru bilketa egin zuen. Arrakasta handia izan zuen ekimenak, 500 sarrera saldu zituzten eta parte hartzaileak 300dik gora izan ziren, emakumezkoak gehienak. Horretaz gain, kamisetak ere saldu zituzten, 10 eurotan, eta oso ongi joan zen salmenta.