Juanjo Olasagarrerendako Xabier Lete IV. poesia saria

Guaixe 2018ko api. 11a, 16:03

Argazkia: "GIPUZKOAEUS

Aurkeztutako 31 lanen artean epaimahaiak arbizuarraren Hemen poesia sorta aukeratu du

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Xabier Lete euskarazko nazioarteko lehiaketa  irabazi du Juanjo Olasagarrek eta asteartean jaso zuen dagokion saria: Jose Ramon Anda eskultore bakaikuarraren eskultura bat, 12.000 euro eta lanaren argitalpena, poesian espezializatutako argitaletxe batekin eginen dena.

Epaimahaiaren iritziz, “Hemen ez da ezer gertatzen esanez labur genezake esaten den guztiaren gainezkaldiaren ondoren geratzen dena". Olasagarreren lanaren ezaugarri honakoak lirateke: "poemen egikera aberatsa eta hats luze zein sakonera handiko hausnarketa izatea goraipatu du epai-mahaiak. Ironia baliatzen du egileak, ausart eta anker”.

Sortzaile arbizuarraren poema bilduma "anitza da formen, irudien eta gaien ikuspegitik. Gizon egin baten bizitzaren pusketatik sortzen den hausnarketa liriko eta, aldi berean, petrala eskaintzen du" Juanjo Olasagarre euskal poeta ezagunaren obra horrek. Epaimahaiko kideek gaineratu dutenez, "urbanotasuna, naturarekiko atxikimendu mikatza, norberarekiko arroztasuna, itzuleran beti norabait iristea, maitasuna, ez-maitasuna, bulkada homoerotikoak, hausnarketa filosofikoak, hona bildumako ildo oparoak…" islatzen dira Hemen liburuan.

Sortzaileaz
Arbizun jaio da 1963an. Idazlea eta literaturako irakaslea da bigarren hezkuntzan. Hainbat komunikabideen kolaboratzailea da, esaterako: Egin, Egunkaria, Berria, Deia eta Argian. Volgako Batelariak literatur blogean hatzen du parte literaturako artikuluak eta kritikak idazten.
Nobela, poesia, antzerkia idatzi ditu eta itzulpenak eta bidaia kronikak ere egin ditu. Bere lehen nobela dagoeneko gazteleraz, italieraz eta errusieraz ere irakur daiteke.

Lanak
Nobela
Ezinezko maletak (2004, Susa)
T (2008, Alberdania)
Poz aldrebesa (2017, Susa)

Poesia
Gaupasak (1991, Susa)
Bizi puskak (1996, Susa)
Puskak biziz (2000, EEF - Susa)

Antologia
XX. mendeko poesia kaierak (2002, Susa)

Itzulpenak
Poemak; W.H. Auden (1994, Susa)
Philip Larkinen poemak

Antzerkia
Hegazti errariak (1996, Euskaltzaindia-BBK)

Kronikak
Mandelaren Afrika (1998, Susa)