Elkartasun Eguna larunbatean Arbizun

Guaixe 2018ko api. 20a, 12:58

Preso eta iheslarien egoera mintzagai, hitzaldia, bertso afaria, manifestazioa eta kontzertuak antolatu dituzte

Arbizuko preso eta iheslarien aldeko taldeak eta aurten 50. urteurrena bete duen Argi-Bidea elkarteak Elkartasun Eguna antolatu dute larunbatean, apirilaren 21ean, Arbizun. Ekimenarekin preso eta iheslarien egoera eta Herrira mugimenduaren kontrako epaiketa azalerazi nahi dituzte.

Elkartasun Eguna, Espe Iriartek eta Teresa Todak Foro Sozialaren inguruan 11:30ean eskainiko duten hitzaldi batekin hasiko da. Ondoren, 14:30ean, herri bazkaria antolatu dute, Miren Amuriza eta Julio Soto bertsolariekin. Arratsaldean, 19:00etan zehazki, manifestazioa eta ekitaldi nagusia izanen dira Preso eta iheslariak etxera lelopean. Eta hura bukatuta, Argi-Bideak gazte elkarteak Atzapar Rock talde gaztearen kontzertua hartuko du, 20:30ean.

Afaldu eta indarrak berreskuratu ondoren, Nafarroa 1512 eta Alerta Gorria talde arbizuarren kontzertua izanen da Argi-Bidean.