II. Tritoiena mendi lasterketa ekainaren 16an jokatuko da, Arbizuko kanpinean

Guaixe 2018ko api. 25a, 16:49

Izena ematea zabalik dago www.kirolprobak.com web gunean

Arbizuko ekokanpinak hainbat laguntzailerekin batera antolatuta, ekainaren 16an, goizeko 9:30ean jokatuko da Tritoiena mendi lasterketa, Arbizun eta Ergoienako mendi ederretan barna. Aurreko urtean irailean jokatu zen, eguraldi oso kaxkarrarekin, eta proba oso luzea izan zen, 30 km-koa. Lizarragako tunela igo, Andian barna ibili, Dorrao eta Unanura jaitsi eta Beriain igo eta jaitsi behar zuten korrikalariek, Arbizuko ekokanpinean bukatzeko. Aurten proba ekainera aurreratzea eta proba laburragoa egitea erabaki dute. Horrela, Arbizuko ekokanpinetik aterata, Ondatzetik igoko dira Unanura, handik Beriain igotzeko. Uharte Arakilgo portutik jaitsiko dira, Arbizuko kanpineko helmugarantz.

Izena ematea zabalik dago, ekainaren 15era arte, www.kirolprobak.com web gunean (18 euro).