Udaberri atariko azoka igandean Arbizun

Guaixe 2018ko api. 27a, 09:23

Landare eta loreak, liburuak, ukenduak eta hainbat artisauen lana ikusi eta eskuratzeko aukera izanen da igandean Arbizuko plazan. Udaberri azoka 10:30ean 14:30era arte izanen da bisitariak hartzen

Aurten bederatzigarren aldia da udaberrian azoka antolatzen dela Arbizun. Handik pasatzen direnak etxerako eta baratzetarako lore eta landareak eskuratzeko aukera izanen dute. Gainera, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Bilketako Zerbitzuak konposta banatuko du.

Baina landareez aparte bestelako postuak opatuko ditu Arbizuko plazan: Usurbilgo Urtinea loreak eta landareak, Zurlan, Arizkurengo kremak eta xaboiak, Mikel Berastegi eta Aroa Gorriti eztigileak, Tomas Mauleon zurgina, Miriam artisaua, barazkiak, Maite zeramika-egilea, Joseba kiliki egilea, Maika hazi eta olioekin, Arkatz liburu-denda eta Castillo Suarez eta Enara Insausti Mainamikirri liburuarekin.

Plazan bertan Arbizuko Gure Esku Dago taldeko kideak euren postua jarriko dute eta taloak salduko dituzte. Bide batez, maiatzaren 19an, larunbat eguerdian Iruñeko Gaztelu plazan eginen den giza-armarri edo mosaikoaren berri emanen dute. Baita garagarrilaren 10ean Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotuko dituen giza katearen berri eman eta parte hartzeko moduez argibideak eman ere.

Bestalde, Liburuaren eguna dela eta udaletxeko batzar gelan Cristina Fernandez arbizuarraren ilustrazioen erakusketa ikusgai dago, astelehenera arte, arratsaldez. Liburuaren egunaren eta igandeko azokaren arteko zubi-lana eginez, atzo Jakoba Errekondok hitzaldia eman zuen jubilatu elkartean.