Ezkurdiak Buruz Buruko finalean egon nahi du

Guaixe 2018ko mai. 11a, 13:28

Finalerdietan Altuna III.a izango du aurkari arbizuarrak, igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1)

Aste bateko atsedenaldiaren ondoren, asteburu honetan jokatuko dira Buruz Buruko txapelketako finalerdiak. Lehenik eta behin, bihar, larunbatean Danel Elezkanoren eta Aimar Olaizolaren arteko partida jokatuko da Iruñeko Labriten (17:00, ETB1), eta igandean Joseba Ezkurdiaren eta Jokin Altunaren artekoa, Bilboko Bizkaian (10:00, ETB1). Lau pilotariak sasoi betean iritsi dira finalerdietara eta maiatzaren 27an Bilbon jokatuko den finalean egoteko dena emango dute.

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak atzo aukeratu zuten materiala. Txapelketa ederra egitetik datoz. Final zortzirenetan sartu ziren biak lehian: Ezkurdiak 22 eta 15 irabazi zion Jakari eta Retegi Bi 12 tantotan utzi zuen Altuna III.ak. Final laurdenetan ere oso fin ibili ziren biak. Ezkurdiak egungo txapeldunorde Iker Irribarriaren gainetik pasa zen (22 eta 9), eta Urrutikoetxearen kontra garaipen polita lortu zuen Altunak, 16 eta 22. Orain bien artean erabakiko da nor pasako den finalera. Eta partida oso gogorra izango dela aurreikusten du katedrak.

Binakako txapela irabazi zuenean badirudi pisu galanta kendu zuela gainetik Joseba Ezkurdiak.  Nolabaiteko presioa kendu du eta arinago dabil aurrelari arbizuarra, bere benetako maila ematen. Baina Altuna ere ez da motela eta gauzak izugarri zailduko dizkio arbizuarrari. Atzo egin zuten material aukeraketa, eta lore ederrak izan zituzten bata bestearekiko. Bizkaian hiru entrenamendu egitetik datoz biak eta igandean garaipena lortu nahi dute biek, finalera sailkatzeko. Pilota zaleek Buruz Buruko partida irekiak espero dituzte, emozioz betetakoak. 

inakako txapela eskuan, ea Buruz Burukoa lortzeko finalerako sailkatzen den arbizuarra.