Euskal Herriko neska* gazteen topaketa hartuko du Arbizuk bihar

Guaixe 2018ko eka. 15a, 11:35
Neska* gazteen bilera.

Euskal Herriko neska* gazteek estreinako topaketa antolatu dute eta Arbizun bihar 170 bat elkartzea espero dute. Antolatzaileek biharko egunaren zergatia azaldu dute: “hausnarketa kolektiboak egiten jarraitzea, gure artean saretzeko, Euskal Herriko hainbat txokotan egiten ari garen lanketak ezagutzea, korapilo zaharrak askatu eta berriak sortzeko, ezinbestekoa dugu espazioak konpartitu, proposamenak egin, elkarrekin saretzea”. Hasiera batean egun osoko egitaraua prest zuten, baina Altsasuko auziko manifestazioa dela eta, arratsaldeko lehen ordura arte mugatu dute topaketa. Arbizun elkartuko diren emakumezko gazteek hiru tailerretan parte hartzeko aukera izanen dute.

Goizean hiru tailer izanen dira. Haietako batean “gure borroka moldeak eta iruditegiak birpentsatzen” ariko dira, “ariketa eta hausnarketa kolektibo bat” izanen da. Beste batean “neska* gazte taldeetan ematen diren kontraesanen eta herrietako errealitateen inguruan” aritzeko aukera izanen dute, “proiektua, taldea, ni...” arloen inguruan ariko dira. Antolatzaileek azaldu digutenez, “Euskal Herriko mugimendu feministan ez da lehenengo aldia neska* gazteon topaketa batzuk antolatzen direnak. Emakume gazteok bizi dugun egoera hausnartu eta alternatibak aztertzea izan zen topaketa haien helburua. Bertan parte-hartu zuten kide batzuen eskutik helduko zaizkigu hausnarketa hauek”.

Jatorria
Euskal Herriko gazte mugimenduen autogestio topaketak egin ziren Barañainen 2016ko abenduan. Mila gazte baino gehiago elkartu ziren eta hainbat gairen inguruan eztabaida eta hausnarketa izan zen. Feminismoaz, esaterako, 200 neska* gazte baino gehiago aritu ziren hizketan. Hainbat proiektu proposatu eta atera ziren handik, esaterako, joan den urtean estreinakoz egin ziren udaleku feministak (aurten segida duena) edo taldeetan lantzeko talde-osasun gida.

Ordutik neska* gazteak elkartzen segitu dute eta makina bat kontuz hizketatu dira: militantzia eredua, neska* gazte taldeak, diskurtsoa, mugimendu feministan eta gazte mugimenduetan dugun papera, borrokarako tresnak…

Egitaraua
10:30ean Harrera. ZirkusBlai, neskak gara, eta zer?
11:00etan Tailerrak:
    Kuleroak burura eta salto mundura.
    Aingura militantzia azaletatik tripetara.
    Iruditegia eta bihurri tailerra.
13:00etan Asanblada erraldoia, plazan.
15:00etan Bazkaria, plazan. Segituan, kontzertua: Ostarbe.
Ondoren, Iruñeko manifestaziora.