Joseba Ezkurdia omenduko dute Arbizuko San Juanetan

Guaixe 2018ko eka. 22a, 13:06

San Juan egunean, igandean, 18:30ean Aspek jaialdi berezia antolatu du Arbizun eta Sanferminetako lau t’erdiko torneoaren barruan Ezkurdiak Irribarria izango du aurkari

Joseba Ezkurdia arbizuarrak Jose Javier Zabaleta etxarrendarrarekin batera Binakako Pilota Txapelketa irabazi zuen aurten. Arbizun ederki asko ospatu zuten sakandarren txapela, baina Arbizuko San Juan festetan omenaldi berezia egin nahi izan diote herriko pilotariari. Horrela, Aspek Sanferminetako lau t´erdiko torneoaren partida ekarri du Arbizura festetako egun handian, igandean, San Juan egunean. 18:30ean hasiko da jaialdia, Arbizuko kiroldegian, eta Joseba Ezkurdiaren aldeko omenaldia izan nahi du jaialdi honek.

Hasteko, Ugalde eta Irustaren kontra ariko dira P. Etxeberria eta Adur Lasa etxarriarra, Lasa IV.a. Ondoren, Joseba Ezkurdiari omenaldi beroa egingo diote herritarrek. Segidan, Sanferminetako lau t´erdiko txapelketaren barruan, Aspeko adarraren final laurdenetan, Joseba Ezkurdiak Iker Irribarria izango du aurkari. Irabazleak ekainaren 29an Erik Jakaren edo Altuna III.aren kontra jokatuko du, eta partida hori irabazten duenak uztailaren 7an Sanferminetako lau t’erdikoaren finala jokatuko du Asegarceko adarreko ordezkariaren kontra.

Arbizuko jaialdiko sarrerak salgai daude Arbizuko udaletxean edo Eroskin. Bestela, partidaren egunean bertan txarteldegian lortzeko aukera izango da.

Pilota eta herri kirol gehiago
Arbizuko San Juan festen barruan igandekoa ez da pilota jaialdi bakarra izanen. Astelehenean, 12:00etan, arbizuarren ordezkaritza bat Arbizuko kanpinean egonaldia egiten duten daniarren ordezkaritza baten kontra ariko da pilotaka, eta asteartean, 10:00etan, txikien pilota txapelketa izanen da. Eta ostiralean, 18:00etan, Emarri-Emakume dema antolatu dute, herri kirolak arbizuarrekin.