Ezkurdia: omenaldia eta garaipena Arbizun

Guaixe 2018ko eka. 25a, 11:53

San Juan egunean Arbizun antolatutako pilota jaialdian omenaldi beroa jaso zuen pilori arbizuarrak. Horretaz gain, Sanferminetako lau t’erdian aurrera egin zuen Irribarria 7 tantotan utzita eta larunbatean Altuna izango du aurkari Barañainen

San Juan eguna egun oso garrantzitsua da Arbizun, festetako egun handia, hain zuzen. Eta egun hau oraindik ere handiagoa izan zen Joseba Ezkurdiarendako, herrian goi mailako partida jokatzeaz aparte, omenaldi beroa jaso baitzuen eta Sanferminetako lau t´erdiko txapelketan aurrera egin zuelako.

Arbizuko kiroldegia bete egin zen herriko semea omentzeko. Jaialdia zabaltzen zuen partidan, Ugaldek eta Irustak 22 eta 11 irabazi zieten P. Etxeberriari eta Lasa IV.ari. Ondoren, partida nagusia hasi baino lehen, Joseba Ezkurdiari omenaldi beroa egin zioten, Binakako txapela irabazi izanagatik. Besteak beste, lore sorta, aurreskua eta Binakako Txapelketako kamiseta jaso zituen, koadro batean sartuta. Omenaldia biziki eskertu zuen Ezkurdiak, eta bere onena eskaini zien herritarrei ondoren Iker Irribarriaren kontra jokatutako Sanferminetako lau t’ erdiko txapelketan.

Izan ere, bikain aritu zen Arbizuko aurrelaria herriko festetako egun handian. Hasieran 2 eta 0 aurreratu zen Irribarria, baina hortik aurrera Ezkurdiak hartu zuen agintea. Onartu beharra dago espero baino errazago gailendu zela aurrelari arbizuarra: ez zuen akatsik egin, sakearekin min handia egin zion Irribarriari –Ezkurdiak 6 tanto egin zituen sakez eta Irribarriak bakarra– eta joko serioa eginez, ia erantzunik eman gabe utzi zuen Aramakoa. Errestoarekin izugarri sufritu zuen gipuzkoarrak. Azkenean, ordu erdi eskasean eta 143 pilotakadekin, Ezkurdiak 7 tantotan utzi zuen Irribarria eta, horrela, Joseba bere herrian profeta izan zen.

Ezkurdiak eta Altunak Sanferminetako lau t’erdiko finala jokoan
Sanferminetako lau t’erdian aurrera egin du Joseba Ezkurdiak eta larunbatean Jokin Altuna izango du aurkari, 18:00etan Barañainen jokatuko den jaialdian. Aurretik Elezkano II.ak eta Martijak P. Etxeberria eta Zabaleta izanen dituzte aurkari. Aipatzekoa da Altunak eta Erik Jakak jokatutako kanporaketa modurik okerrenean despeditu zela, Erik Jakak sakea egin behar zuenean mina hartu baitzuen besoan, eta erretiratu egin behar izan zen, haustura tarteko. Ezkurdia eta Altunaren kanporaketako irabazleak sanferminetako lau t’ erdiko finala jokatuko du Asegarceko adarreko finalistaren kontra, Bengoetxea VI.aren edo Olaizola II.aren kontra.