Hemen egotearen Olasagarreren burutazioak, poema bihurtuak

Guaixe 2018ko eka. 29a, 13:46

Olasagarreren 'Ia hemen' poema liburua argitaratu du Pamiela argitaletxeak. Xabier Lete saria irabazi zuen

Juanjo Olasagarre arbizuarrak Xabier Lete poesia saria irabazi zuen iaz, eta orain Pamielak argitaletxeak lan hori argitaratu du: Ia hemen. Olasagarrek hemezortzi urte pasa ditu poemak argitaratu gabe, azken lana, Puskak bizi izan zen 2000. urtean. “Poemak hor daude, pixkanaka bilduma egin nuen eta sarira aukeztea pentsatu nuen”. Urte hauetan idatzitako burutazio, ideia, sentimendu, albiste eta abarrekin sortu du Olasagarrek liburua.

“20 urte hauetan gauza asko idatzi ditut. Gauzak pasatzen zaizkizu eta apuntatzen dituzu”. Idatzitako burutazio horiek, ondoren, poema bihurtu ditu Olasagarrek: “Pixkanaka poemara hurbiltzen zara. Bertsio bat egin duzu, gero bigarren bat eta zuzentzen duzu eta pixkanaka poemak sortzen dira”. Poema bat bere osotasunean hasieratik sortzea zaila dela dio idazleak.

Hemen

Bi hamarkada hauetan sortutako poema guztien bilduma da argitaratu berri duen Ia hemen liburua. “Ez dago asmo bat, batasun bat baizik”. Hortaz, poemek ez dute inolako ildorik jarraitzen. “Denetarik dago, lirikoagoak direnak, naturari buruzkoak, desmodiari idatzi diot...”.

“Ia” poema askotan agertzen da. “Arantza” moduko bat egitea da. Nahiz eta saiatu, ehuneko ehunean osatzen ez dena adierazte du. “Ia” hitza tituluan ere agertzen da. “Hemen egoteari buruzko zerbait egitea betidanik izan dut buruan. Hemen, iragana eta etorkizuna...”. Aurreko poema liburuan “hemen” kontzeptuaren gainean egin nahi zuen, baina proiektua “eraldatu” zen eta poema bildu bihurtu zen ere. “Titulu bat jarri behar zen, eta hori bururatu zitzaidan”.