Hiart (ahotsa), Amaia (biolina), Maider (whistle), Josetxo (trikitixa), Oihan (gitarra), Martin (baxua) eta Peio (bateria) musikari arbizuarrek osatzen dute Beietz! taldea.
Nola sortu zen Beietz! taldea?
Arbizuko sanjuanetan urtero herriko musikarien kontzertu bat egiten da, eta iaz horretarako elkartu ginen. Amaiak ezin izan zuen parte hartu, baina esan zigun zerbait egiten bagenuen berak ere nahi zuela parte hartu. Irailean bazkari bat egin genuen eta elkarrekin jotzeko eta disfrutatzeko zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Baina han gelditu zen gauza. Handik hiru hilabetera ez genuen ezer egin. Abenduaren bukaeran, abendueran 26an, lehenengo entsegua egin genuen. Bi abesti prestatu genituen eta hortik aurrera izan da etengabe. Modu naturalean sortu zen taldea. Gure helburua disfrutatzea eta ondo pasatzen zen. Hasieran hilabetean behin egin behar genuen entsegua, eta hilean behin asten behin bihurtu zen. Gero astean bitan hasi ginen. Grabazioa etorri zen gero, kontzertu bat atera zaigula... Ez dugu jarri inolako helmugarik. Gauzak sortuz joan dira, giro horretan eta presiorik gabe. Gauzak etorri direnean joan gara arduratzen.
Behin taldea sortuta dagoela, espektatibak igo dira?
Helburua da ondo pasatzea. Momentuz ibilbide motza daukagu, sei hilabete daramagu. Aurreko astean plazaratu genituen abestiak eta jendeak ez gaitu ezagutzen oraindik. Jendeak ez daki zer kontratatzen duen. Diskoa noiz kaleratuko dugun galdetu digute, ikusiko dugu, hitz egingo dugu eta udazken aldera agian zerbait egingo dugu. Momentuz baditugu kontzertu batzuk eta prest gaude kontzertuak egiteko nahi duten herri guztietan. Gure eposta beietztaldea@gmail.com da. Sare sozialetan ere gaude. Etxarri Aranazko eta Lakuntzako festetan ariko gara. Lakuntzako udala oso ausarta izan da abestiak eduki aurretik kontratatu gintuztelako. Baina ez dira damutuko.
Arbizuko festetan, etxean, egin zenuten estreinako kontzertua. Zer moduz joan zen?
Lehenengoa izateko oso gustura egon ginen, gozatzen. Lan asko egin dugu, eta oso gustura egon ginen. Jendea ere gustura egon zen. Grabatu ditugun hiru abestien zain zeuden. Espektatiba bazegoen ikusten gintuztelako elkartzen ginela eta pentsatuko zute: zer ari dira hauek egiten? Ilusioa ere bazegoen, jendea ilusionatuta zegoen. Bukaeran andre batek eskerrak eman zizkigun horrelako gauzak herrian egiteagatik. Zoragarria izan zen.
Aurretik musikaren munduan aritutakoak zarete. Estilo berria sortzeko baliagarria izan zaizue?
Estilo berria dela asko esatea da. Guk horrela deitzen diogu. Pixka bat markatuta etorri da genituen instrumentuei begira. Baina egia da musika zelta gustatzen zaigula, The Corrs eta Flogging Molly taldeak, esaterako, eta horietan pixka bat inspiratu gara. Musika mota hori gustatzen zaigu, horri buelta bat eman eta horrela atera da.
Zergatik da berezia Beietz!?
Hasteko taldean hiru emakume gara. Holako espazioetan emakumearen presentzia nolakoa den eztaida berriro kalera atera da. Gainbegirada bat egin da eta emakumeek oso espazio gutxi okupatzen dugu. Musikaren munduan nahiko nabarmena da falta hori, eta baldin bagaude oso modu estereotipatuetako espazioetan gaude. Jartzen diguten exijentziak ere bestelakoak dira. Hori aldarrikatzearen bidean gaude. Gainera, hiruak amak gara, eta zergatik ez? Agente kulturalak gara emakumeak ere. Horretaz gain, musika aldetik, egia da badaudela taldeak euskaraz eta musika mota hau kantatzen dutenak, baina ez gehiegi. Orduan, hutsune hori ere bete dezakegu.
Hiru abesti grabatu dituzue.
Grabatu ditugu hiru abesti (Sinesten dizut, Mixina marrau eta Bihotza gara), baina hamar abestiko errepertorioa osatu dugu. Gainera, bertsioak ere egiten digutu: Sarri, sarriren bertsioa egin dugu, Manos negasena ere, Eskoziako abesti herrikoi batena, esaterako. Guztira ordu bateko errepertorioa daukagu. Musika oso alaia da. Abestiak hor daude, eta agian diskoa grabatuko dugu. Lana bada, eta gure lana, familia eta abar ditugu.