Ezkurdia sanferminetako lau t’ erdiko finalik gabe geratu da

Guaixe 2018ko uzt. 2a, 11:17

Aspeko adarreko azken kanporaketan Altunaren kontra 22 eta 20 galdu zuen arbizuarrak, partida ikusgarrian

Uztailaren 7ko eguerdian Joseba Ezkurdia ez da Labriten izango. Jokin Altuna izango da sanferminetako lau t’ erdiko finala jokatuko duena, Oinatz Bengoetxearen kontra. Gutxigatik, baina Ezkurdia ez da sanferminetako final preziatuan izango.

Larunbatean jokatu zuten Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak Aspe adarreko azken kanporaketa, goraino beteta zegoen Barañaingo pilotalekuan. Partida hasieran parez pare aritu ziren bi pilotariak, baina Ezkurdia aldea ateratzen hasi zen sake zitalei esker. 15 eta 10eko aldea izan zuen arbizuarrak. Baina hurrengo hiru tantoak amezketarraren aldera joan ziren eta Altunak konfiantza hartu zuen. Horrela, gantxoarekin min asko egin zion Altunak Ezkurdiari eta 16 eta 19 aurreratu zen gipuzkoarra. Hala ere, Ezkurdiak ez zuen amore eman eta tanto ikusgarriekin 20 eta 21 gerturatu zen arbizuarra. Pilota zaleak gozatu ederra hartu zuten, emozioa pil-pilean baitzegoen Barañaingo Retegi pilotalekuan. Tamalez, arbizuarrak ez zuen zorterik izan bi paretako bolearekin eta txapapera joan zen pilota, sanferminetako lau t’ erdiko finaleko txartelarekin batera.

Gauzak horrela, Jokin Altunak jokatuko du sanferminetako lau t’ erdiko finala, larunbatean, goizeko 11:00etan Labrit pilotalekuan hasiko den jaialdiaren barruan. Asegarceko adarreko kanporaketan Aimar Olaizola 18 eta 22 irabazi zuen Bengoetxea VI.a izango du aurkari.