Jon Arretxeren nobeletan gaizkileak dira protagonistak, antiheroiak. Nobela beltza gustuko du normalean azaleratzen ez diren espazioak erakusteko aukera ematen duelako. Kritika soziala egiteko aukera ere ematen dio generoak. Basaurin jaioa eta hezia da, baina Arbizun bizi da.
Arrutiren banda (Erein, 2017) kaleratu zenuen urtearen hasieran. Zer kontatzen du nobela honek?
Asko ezin da kontatu nobela beltzetan spoilerrik egin gabe argumentua kontatzea zaila delako. Arrutiren bandan askoz gehiago oso laburra delako. Basaurin kokatzen da, jaio eta hezi nintzen herrian. Basauri oso egokia da nobela beltzetarako. Kartzela handia du eta giroa denetarikoa da. Herri txiki bat zen eta bat-batean gerraosteko industrializazioarekin handitu zen. Ondorioz, horrelako koktail berezi bat sortu zen. Umea nintzenean makarra bandak elkar joka ikusten nituen. Arruti eskualdeko droga trafikatzaile handiena da eta bere banda beste hiru lagunekin osatzen du: udaltzain oso berezia, apaiz oso berezia eta denetariko lapurra den gaizkilea. Basauriko kartzelan hasten da nobela, gizon bat kartzelatik ateratzen denean. Bandako kide erraldoi, astakilo, makarra eta gogorra da: Ereño. Banda guztiaren marroia jan du lapurreta bat egiten saiatu zirelako, eta gaizki atera zen. Bera baino ez zen joan kartzelara. Informazio pribilegiatua lortu du kartzelan: harribitxi batzuk non ezkutatuta dauden. Informazioa eman dion presoa akabatzen du, eta, ateratzean, banda berriro bildu nahi du denek batera harribitxiak berreskuratzeko. Eta hortik aurrera sortzen da nahiko istorio zoro eta bizia.
Basaurin kokatzen da. Zenbat da fikzioa eta zenbat errealitatea?
Fikzioa da, baina Basauriz ezagutzen dudana aprobetxatu dut. Gaztetako eta txikitako gomutak aprobetxatu ditut, ikusten nituen makarren borrokak. Beldurrez ikusten nituen eta gogoan geratu dira. Gero, heroinaren garaiak ere bai, yonkiak egoten ziren bazterretan. Kartzelara joaten ginen pilotak hartzera, presoei horma gainetik erortzen zitzaizkielako pilotak. Gainera, nobela Basauriko festetan gertatzen da, eta oso bereziak dira. San Faustoak dira, urrian egiten dira eta zirkuituko azkenak dira. Lonjetan antolatzen dira koadrilak, nork bere lokala dauka eta zurrakapotea banatzen diete debalde bisitari guztiei. Jai oso bereziak dira, Euskal Herriko txoko guztietatik joaten da jendea azkenak diren jai hauek aprobetxatzera. Eta errealitate hori aprobetxatu dut ehuneko ehunean. Aspaldiko zorra zen Basaurin nobela bat kokatzea, eta egin dut.
Pertsonaiak fikziozkoak dira guztiz?
Pertsonaia batzuk bai dira guztiz fikziozkoak. Baten bat badago guztiz erreala dena. Eskultore oso berezi bat dago hor zehar, Jesus Lizaso, benetako eskultorea dena. Oso ona da, nazioarte mailan ezaguna eta sartu dut nobela honetan. Pertsonaia batzuk daude nahiko benetakoak direnak, baina izenak aldatu dizkiet. Nik baino ez dakit zer den egia eta zer ez. Hala ere, basauriarrek ezagutu dezakete.
Bidaien inguruan idazten hasi zinen, eta nobela beltzera pasatu zinen. Zergatik?
Aldatzearren. Bidaia literaturarekin hasi nintzen. Hamar liburu baino gehiago idatzi nituen. Gero, ganberrada batzuk idatzi nituen tarteka, beldurrezko istorio batzuk ere bai, eta orain dela hamabi urte hasi nintzen nobela beltzean. Aldatzearren hasi nintzen eta hain gustura nago mundu honetan, non jarraitu dudan.
Zergatik da berezia nobela beltza?
Niri beti gustatu izan zait konkrezioa, hau da, ez liburu potolo horiek eta orrialdeak ia soberan dauzkatenak, edo sentsazio hori ematen dutenak. Niri gustatzen zait erritmoa, sorpresa eta istorio ahal bada laburrak. Eta horretarako nobela beltza da perfektua. Gaur egun nobela beltzaren zigiluan, nobela beltzaren barruan, dena sartzen da. Baina nobela beltz klasikoa, klasiko amerikarrek egiten zutena, nobela nahiko laburrak izaten ziren. Ez zen ezer sobratzen. Niri nobela mota hori gustatzen zait. Horretan, gainera, gero eta erradikalagoa naiz. Idazle moduan eta irakurle moduan ere bai. Hainbeste gauza daude irakurtzeko, non 500 orrialdeko nobela bati ekiteko oso konbentzituta egon behar naizen. Asko gomendatu didatelako irakurriko dut, bestela, nahiago dut 200 orrialdeko hiru nobela irakurri.
Zein ezaugarri izan behar ditu nobela batek nobela beltza izateko?
Definizio horrekin eztabaida eta polemika asko daude. Niretako benetan ezinbesteko ezagugarria nobela beltza izateko kritika soziala da. Hori beharrezkoa da. Bestela, izan daiteke poliziakoa. Kasu bat dago, norbaitek norbait hiltzen du, polizia edo detektibea doa eta gaizkilea deskubritzen du. Nobela poliziakoa edo enimakoa da hori. Baina beltza izateko nik uste kokagunea izan behar direla hirietan egoten diren gune ilun horiek, ilunpeko giro horiek, eta kritika soziala agertu behar da. Gauza ilun horietan normalean txarto bizi den edo baztertuta dagoen norbait dago, pobrea delako edo etorkina delako. Eta askotan deserosoa izaten da. Hori azaleratu, jendearen muturrean ipini bere gordintasun guztian. Ni horrekin oso kontsekuentea naiz eta ia nobela guztietan egon da kritika sozial handia. Arrutiren bandan igual ez hainbeste. Badago, baina besteetan baina gutxiago. Horren aurretik Toure sasi-detektibearen bost nobela idatzi nituen. Toure afrikar bat da, etorkina, papergabe, alegala eta azpimundu horretan mugitzen da. Kritika sozial handia du. Nobela beltza horretarako oso aproposa da, egoera horiek salatzeko modu bat da.
Pertsonaiak antiheroiak dira, baina enpatia lortzen da haiekin?
Hori lortu behar dugu. Tourerekin jende askok esan dit baietz, lortu duela hori, enpatia berarekin. Eta Toure ez da perfektua, ezta pentsatu ere. Hala eta guztiz ere jende askok esan dit orain afrikarrak ikusten dituenean kalean edo top mantan saltzen, beste modu batera ikusten dituela. Saiatu naiz erakusten horren atzetik dagoen guztia: nor, zergatik, zer egoeratan bizi diren eta nola pentsatzen duten. Lehenengo pertsonan daude nobela horiek. Pausua behintzat bada, aurrera.
Toureren saila bost nobela izan ziren: 19 kamera, 612 euro, Hutsaren itzalak, Estolda jolasak eta Sator lokatzak. Orain Arrutiren banda idatzi duzu, inolako segidarik ez duena.
Independientea da. Gainera, niretako kortse antzeko bat kentzea bezala izan da. Oso gustura nengoen Tourerekin, baina mugitzen nintzen parametro batzuen barruan eta hor aritu behar nuen. Oso gustura sentitu naiz Arrutiren banda-rekin eta aprobetxatu dut berriz umore beltza sartzeko. Toureren lehenengo bietan umore asko zegoen, baina gero pertsonaia txarrera eboluzionatzen joan zen, eta nobelak gero eta gogorragoak, gordinagoak, ziren. Behar nuen askatu eta beste nobela bat egin.
Toure itzuliko da?
Bai. Orain ari naiz beste bat idazten. Seigarrena izango dena. Herri giroan kokatuko da. Esan nahi dut ez dela izango hiriko nobela beltza. Nobela beltzen beste ezaugarri nahiko klasiko bat hirietan geratzen dela da. Badago ere herri giroko nobela poliziakoa. Horrelako batekin probatuko dut. Nafarroako Pirinioetako herri imaginario batean gertatuko da. Arrutiren banda-k, aldiz, ez du segidarik izango.
Iruñeko Aste Beltzean, Baztango (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren astean, Xixongo Aste Beltzean egon zara aste honetan ere; zer dira Aste Beltzak?
Umorez hartuta barnetegi antzekoak dira. Idazleak biltzen gara eta gustura egoten gara. Antolatzaileek gonbidatzen gaituzte eta normalean ordaintzen dizkigute hotela, bidaia, jatorduak eta uzten digute gure liburuez hitz egiten. Hori nahi dugu denok. Publikoa etortzen da eta ale batzuk saltzen ditugu. Irakurle berriren bat ere egiten dugu. Nik horrela ikusten dut. Alde batetik, beste idazle lagunekin elkartzen gara, eta bestetik, garrantzitsuena, gure lanez hitz egin, eta ezagutzen ez gaituen jendea erakarri egiten dugu eta gure nobeletara zaletzen dira. Hori oso gauza ederra da.
Euskal Herrian nobela beltzaren jarraitzaile asko daude?
Bai, nahiko orokorra da. Modan jarri da. Baina moda gehiago da mediatikoa efektiboa baino. Jendeak pentsatzen du nobela beltza idazteagatik salduko ditugula milaka ale modan dagoelako. Modan daudenak dira horrelako jaialdiak eta asteak. Gero konturatzen gara jende berbera dagoela leku guztietan, eta gero guk liburuak elkarri saltzen dizkiogula. Moda bai dago, baina liburu saltzaileei galdetu beharko diegu zenbat nobela beltza saltzen dituzten. Oso gutxi orokorrean, edozein liburu saltzen den bezala.
Beraz, zaleak benetako zaleak dira. Nobela beltzaren frikiak direla esan daiteke.
Sekta antzeko bat da. Guztiz engantxatuta daude. Badago jendea egoten dena leku guztietan. Cuencara, Plentziara edota Xixonera zoazela, hortxe daude. Eta lagunak dira. Elkarrekin ateratzen dira poteatzera eta abar. Gainera, dena irakurtzen du jende horrek. Harrigarria da. Gu, idazleak, adituak garela suposatzen da, baina guk baino gehiago dakite. Gu ezagutzen gaituzte, eta gainera yankiak, nordikoak, espainiarrak... dena irakurtzen dute.
Zure nobelak zineman ikusten dituzu?
Bai horixe! Hori nire ametsetako bat da. Baina oso zaila da. Proposamen batzuk izan ditut. Iruñean bizi den zinema zuzendari katalan batek esan zidan eraman nahi zuela Toure zinemara eta holako serie bat egin. Konbentzituta zegoen guztiz. Baina horretarako diru asko behar da, dirutza. Saiatu da ekoiztetxea konbentzitzen eta hor nago zain oraindik. Bilboko beste produktore batek gauza bera: egin behar genuela... orain arte. Nire nobelak oso zinematografikoak dira ez zaizkidalako rolloak gustatzen eta zinema horrelakoa da. Zinema-gidoietan ez da ezer sobratzen. Nobelak neurtu egiten dituzte eta kentzen dituzte gauza pila bat. Idazleak moskeatzen dira. Baina oso konkretuak dira. Arrutiren banda zinemako gidoia da, ia. Hori esaten zuen editoreak, eta kontrazalean jartzen du. Nire ametsetako bat da nire nobelak zineman ikustea edo telebistako serie batean.