Literatura eta gastronomia bat eginda 'Letrak Ahora' literatura lehiaketan

Guaixe 2018ko ira. 5a, 13:10

Gastronomia ardatz duen literatura lehiaketa antolatu du lehen aldiz Arbizuko Udalak

Txistor Eguna ospatuko da beste urte batez urriaren 14an Arbizun. Horren harira Arbizuko Udalak gastronomia gai duen literatura lehiaketa antolatu du. Gaia, beraz, gastronomia da. Bi sail daude: narrazio laburra eta poesia; ez dira bertsopaperak onartuko. Euskaraz sortuak izan behar dira.

Lanak aukezteko epea 2018ko irailaren 28an bukatuko da eta Internet bidez bidali behar dira kultura@arbizu.eus helbidera pdf formatuan. Datuak beste dokumentu batean bidali behar dira. Narrazio laburrak gutxienez 1500 karaktereko luzera izan behar du (orrialde 1) eta gehienez 3 orrialdekoa. Poesia lanek gutxienez 10 lerro izanen dituzte eta gehienez 50 lerro.

Lanak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira eta egile bakoitzak testu bat baino gehiago aurkez dezake, baina, bakarkako lanak izan behar dira.

Sari banaketa urriaren 14an izanen da, Arbizuko Txistor Egunean. Sail bakoitzean sari bana banatuko da: 100 euro eta narrazio laburra eta poesia biltzen duen argitalpen ilustratua. Informazio gehiago Arbizuko Udaleko web orrian.