Arbizuko Sortuk jakinarazi duenez, larunbatean 03:30ean izan zen. “Guardia Civilak kontrola jarri zuen kiroldegiaren aurrean, ikurriña eta estelada jarrita dauden masten ondoan. Kontrola bukatzerakoan, guardia civil batek salto egin, ikurriñari tira egin eta hautsi egin zuen. Esteladarekin saiatu zen, baina ez zuen lortu”. Sortutik jakinarazi dutenez, Nagusia kalean zeuden bi pankarta moztu zituzten ere.
Hori guztia “Altsasun Ospa eguna aldarrikatzen ari zen gau berean” gertatu zela nabarmendu du Sortuk. “Han aldarrikatu zen bezala, ozen esan nahi dugu: indar okupatzaileak utzi gaitzatela bakean, alde egin dezatela Euskal Herritik”. Arbizuko Sortutik jakinarazi dutenez, “euren erantzuna errepresioa bada, guk ikurriñaren aldarrikapena egiten jarraituko dugu, Espainiako banderaren inposizioa salatzen segituko dugun moduan”. Azkenik, ezker abertzaleko alderditik adierazi dutenez, “gerra egitera etorri ziren indar armatu horiek joan egin behar dira, armen mehatxuz beraien proiektua inposatzea besterik ez baitute bilatzen”. Ziurtatu dutenez, “Guardia Civilak herri honetara sufrimendua besterik ez du ekarri”.