Lau t’erdia: Joseba Ezkurdia aurrera

Guaixe 2018ko urr. 8a, 11:17

Arbizuarrak 22 eta 16 irabazi zion Axier Agirreri, Altsasun jokatutako partida deserosoan. Final laurdenetako ligaxkan, ostiralean Ezkurdiak Victor izango du aurkari, Legution (ETB1)

Lau t’erdiko Txapelketa pil-pilean dago eta asteburuan final zortzirenak jokatu ziren. Joseba Ezkurdiak aurreko urteko Promesen mailako Lau t’erdiko txapelduna izan zuen aurkari Altsasun, Axier Agirre. Arbizukoa zen faborito nagusia, baina Agirrek lanak eman zizkion. Azkenean, eta arbizuarrak ezarritako abiadurari esker 22 eta 16 irabazita, Lau t’erdiko final laurdenetan dago Ezkurdia.

Joseba Ezkurdiak Lau t’erdiko Txapelketan aurrera egitea lortu du eta final laurdenetarako ligaxkan sailkatu da. Horretarako, ostiralean Axier Agirre bidean utzi behar izan zuen. Eta uste baino lan gehiago egin behar izan zuen, Altsasuko final zortzirenetako partida oso deserosoa izan baitzen. Arbizuarrak dominatu zuen eta partidaren erritmoa ezarri zuen: 5 eta 0 aurreratu zen, eta nahiz eta Agirre 5 eta 4 gerturatu, beste 5 tanto egin zituen segidan arbizuarrak eta 10 eta 4-ko aldea hartu zuen. Bi-paretei eta sakeei esker, 13 eta 8, 20 eta 11 eta 21 eta 13 aurreratzea lortu zuen Ezkurdiak. Agirreren erantzuna iritsi zen orduan, arriskatu zuen eta 21 eta 16 gerturatu zen, Arbizuko aurrelaria urdurituz. Deseroso aritu zen orduan Ezkurdia, sufritzen, baina azkeneko tantoa egitea lortu zuen, 18 pilotakadako tantoa, final laurdenetarako sailkatu zuena.

Ostiralean Victorren kontra
Lau t’erdiko A multzoan, Ezkurdiak eta Victorrek (Retegi Biri 17 eta 22 irabazi zion) egin dute aurrera Lau t’erdian. Final laurdenetako ligaxkan, ostiralean jokatuko dute biek, Legution. Olaizola II.a eta Altuna III.a, aldiz, astelehenean, urriaren 15ean aritzekoak dira Tolosan. Ikusteko dago oraindik Amezketakoa jokatzeko moduan egongo den.

Bestalde, Lau t’erdiko B multzoan Jaka (Arteaga II.ari 22 eta 11 irabazi zion) eta Elezkano II.a (Irribarria 11 tantotan utzi zuen) sailkatu ziren Lau t’erdiko final erdietarako ligaxkarako. Larunbatean jokatuko dute elkarren kontra, Arnedon. Bengoetxea VI.ak eta Urrutikoetxeak, aldiz, igandean jokatuko dute Lekunberrin (ETB1).

Bihar Agurainen
Bihar, asteartean, Aguraingo festetako feria garrantzitsuan Aspek jaialdi bikaina antolatu du eta, partida nagusian, Joseba Ezkurdiak bikotea osatuko du Rezustarekin, Irribarriaren eta Jose Javier Zabaletaren kontra aritzeko. Igandean ere Lekunberriko jaialdiaren hasierako partidan arituko dira Ezkurdia eta Zabaleta. Retegi BIrekin arituko da Zabaleta, Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren kontra.