Ezkurdia Victorren gainetik pasa zen

Guaixe 2018ko urr. 15a, 13:39

Lau t’erdiko Txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian Ezkurdiak 22 eta 5 hartu zuen menpean Victor. Gaur jakingo du nor izango duen hurrengo arerioa:  Altuna III.a edo Olaizola II.a

Joseba Ezkurdiak Lau t’erdiko Txapelketako finalerdietako ligaxkan lehen puntua biltzea lortu du, ligaxkako lehen jardunaldian Victorri 22 eta 5 irabazi eta gero. Arbizuarra zen partida irabazteko faboritoa –apustuak 100-60ra atera ziren, bere alde– eta aurrelari sakandarrak ez zuen huts egin: partida goitik behera kontrolatu zuen eta nagusitasun handiz gailendu zitzaion errioxarrari.

Hala ere, lehen tantoetan parez pare ibili ziren bi pilotariak, baina gutxinaka Joseba tartea ateratzen hasi zen. Eroso ibili zen arbizuarra, baina errioxarrak ez zuen bere tokia aurkitu eta erraztasun handiak eman zizkion Ezkurdiari. 10-eko partzialari esker 13 eta 3 aurreratu zen arbizuarra, eta hortik aurrera egin zuen, 22 eta 5 irabazi arte.

Lau t’erdiko Txapelketako finalerdietako ligaxkako 1. jardunaldiko gainontzeko partidatan, Jaka ordezkatu zuen Retegi Bik 22 eta 19 irabazi zion Elezkano II.ari partida oso lehiatuan eta Bengoetxea VI.ak 22 eta 14 gailendu zitzaion Urrutikoetxeari. Gaur elkarren kontra arituko dira Altuna III.a eta Olaizola II.a, Tolosako Beotibarren. Lesioaren ondoren Altuna behar bezala osatu denaren inguruko jakin-mina handia da.

Txapelketako hurrengo jardunaldian, A multzoan Ezkurdiak Olaizola II.a edo Altuna III.a izango du aurkari, gaurko partidako irabazlea, eta Victor gaurko partidako galtzailearen kontra ariko da. B multzoan, Urrutikoetxea Elezkano II.aren kontra ariko da eta Bengoetxea VI.a Retegi Biren kontra.