Txistorraz blai

Guaixe 2018ko urr. 15a, 14:30

Txistor egunaren 10. edizioan euria gogoz egin zuen, baina ezin izan zuen ospakizunarekin.

Txistor Eguneko 10. edizioko protagonista txistorra izan zen, nahiz eta euri-zaparradak protagonismoa kentzen ahalegindu ziren. Goizetik kale Nagusian zeuden postuek jende mugimendua erakarri zuten. Han edo hemen, jendeak saltzaileen “amuari” hozka egin zion. Nahiz eta eguraldi iragarpenagatik batzuk ez etorri eta beste batzuk atertzen ez zuelako lehenago jaso. Txistor, tripota, txantxigor, ukendu eta bestelakoak garai batean nola egiten ziren erakusten zuten guneek ere hainbaten interesa piztu zuten.

Eguerdi aldera hasi zen euria eta plazako aterpera bildu zen jendea. Han ari ziren pintxo lehiaketako   epaimahaia bere lanean. Han aritu zen Arbizuko abesbatza. Eta han, aterpean txistorra pintxoak eta ardoa dastatzeko aukera izan zen goizean. Eguraldiak pintxoa jatera gonbidatu zuen. Arbizu, Flores eta Laketen 100 kilo txistor saldu ziren pintxotan.

Sariak ere han eman ziren. Txistor pintxo lehiaketa Lesakako Iban Maiarendako izan zen. Argiñano eskolan sukaldaritza ikasten ari da. Lehiaketan irabazle suertatu zen pintxoa honela osatu zuen: ogi-apur oinarria, txistor pixka batekin eta sagarra, bakailao brandada, arto-irinean arrautzeztatutako gorringoa eta mango chutney saltsaren 3 puntu. Aurreneko aldia zen lehiaketara aurkeztu zena eta harendako “sorpresa” izan zen irabaztea. Maiak zaletasuna lanera bideratu nahi duela aitortu zuen, noizbait zerbait irekitzeko asmoa.

Alhambra jatetxeko Javier Diazek adierazi zuenez, urtetik urtera maila handiagoa dago. Xabi Lasa toki administrazioko zuzendaria eta Juanma Intxaurrandieta Intiako zuzendaria izan ziren sariak banatzeaz arduratu zirenak.  Arratsaldean III. Nafarroako Trikitixa Eskolen Jaialdiak despeditu zuen ospakizuna.