Gastronomia ardatz duten kontakizunak

Guaixe 2018ko urr. 15a, 16:42
Joxe Aldasoro, Castillo Suarez idazlea eta Eneko Barberena.

'Letrak ahora' Arbizuko udalak antolatutako literatura lehiaketaren sariak banatu zituzten igandean, Txistor egunean: Joxe Aldasoro etxarriarrak irabazi zuen narrazio laburren modalitatean eta Eneko Barberena tolosarrak poesian

Txistor Egunaren hamargarren edizioa ospatu zen igandean, urriaren 14an, Arbizun, eta urteurrenaren harira, Arbizuko udalak gastronomia gai duen literatura lehiaketa antolatu zuen: 'Letrak Ahora'. Bi sail zeuden: narrazio laburra eta poesia eta guztira hamabost lan aurkeztu dira. Igandean sariak banatu zituzten. Joxe Aldasorok narrazio laburrean eta Eneko Barberenak poesia atalean irabazi zuten.

Hamabost lan aurkeztu dira Letrak Ahora gastronomia ardatz duen literatura lehiaketara. Narrazio laburrak sailean hamaika lan aurkeztu dira eta poesian lau lan. Epaimahaia Jon Barberena eta Castillo Suarez idazleek osatu dute. Barberenaren esanetan, "arrakastaz hitz egin dezakegu". Maila ere "ona" izan dela esan dute epamahiaren kideek.

Joxe Aldasoro etxarriarraren Bernoneko azken afaria lanak irabazi du narrazio laburra sailean. Nobela beltza ukituak dituen afari baten inguruko narrazioa da. Madarikazioz beteriko baserri batean osaptuko den azken afari baten nondik norakoak kontatzen ditu. "Iraganeko usadio gastronomikoen inguruko hiztegi mardula eta landua nagusitzen da, eta aspaldiko ohiturak eta bizimodua agerian uzten ditu", azaldu du Jon Barberna idazleak. Baserriak Euskal Herrian maila ekonomikoan eta sozialean izan duen garrantzia oso ongi islatu duela gaineratu du.

Poesia atala Aranondoaren azpian lanak irabazi du. Eneko Barberena arasatearra da egilea. Gastronomia eta erotismoa uztartu ditu Barberenak. "Erritmoa eta gauzak esateko dotoretasuna nagusitzen dira bere olerkian". Bi egileek 100 euroko saria jaso dute eta narrazio laburra eta poesia biltzen duen argitalpen ilustratua bat ere.

Monika Etxeberria Arbizuko Kultura zinegotziak azaldu duenez, horrela lehiaketak interesgarriak dira idazle eskoletan idazten hasten direnendako: "haien lana plazaratzen ausartzeko horrelako gai ireki batek aukerak ematen ditu".

Txistor Egunaren hamargarren urteurrenaren harira egin dute gastronomiari buruzko literatur lehiaketa, baina datozen urteetan "errepikatzea eta mantentzea" ongi legokeela azaldu du Etxebarriak: "gaiari buruzko liburu baten aurkezpenarekin batera". Txistor egunak kultura literario eta gastronomikoa zabaltzeko aukera ona izan daitekeela gaineratu du Kultura zinegotziak.