Hitzek, irudiak eta musikak bat eginen dute Arbizun

Guaixe 2018ko urr. 25a, 14:39
Castillo Suarez eta Maite Mutuaberria Zerua Berun albuma aurkeztu zutenean.

Zerua Berun albuma oinarri hartuta Castillo Suarez idazleak eta Asier Serrano musikariak irudia, hitzak eta musika uztartzen dituen emanaldia eskainiko dute bihar, urriaren 26an, ostirala. Emanaldia Arbizuko udaletxean izanen da, 19:00etan

Zerua Berun albumak testu laburrak ditu eta irudiak kolore gutxikoak dira, apalak. Baina asko esaten dutenak. Bakardadea da nagusi eta deskripzio asko agertzen dira. Maitemina, desamodioa, komunikazio eza, deserria eta abar dira albumaren gai nagusiak. Albumaren sena ikusi ahalko da Arbizun eginen duten emanaldian musika lagun dutela. "Kantu batzuk osorik entzungo ditugu, beste batzuk hasiera baino ez. Baina sorpresa bat izanen da guztiendako". Ruper Ordorika abeslariaren Martin Larralde abestiarekin hasiko dira emanaldia.

Zerua Berun helduendako albuma da. Castillo Suarez idazleak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak egin zuten. 2014. urtean Peru Abarka sariaren irabazlea izan ezen eta urte berean Ibaizabal argitaletxeak argitaratu zuen. Poetaren barne-mina eta nahigabeak kontatzen ditu eta irudiak ere pertsonaia isolatuak, paisaiak eta atmosfera isolatuak erakusten ditu.

Helduendako lehenengo album ilustratua da Zerua Berun. "Albumetan testuak gauza bat esaten du eta irudiak beste bat. Bi bide paralelo dira. Osagarriak dira, baina ezberdinak". Castillo Suarez idazleak Zerua Berun emanaldian hitzak adieraziko ditu. Asier Serrano musikariak hitzak musikarekin lagunduko ditu. Eta, bitartean, irudiak ere ikusiko dira. Suarezek azaldu duenez albumak hitz gutxikoak izaten dira, hitzak eta irudiak uztartzen direlako, hainbat interpretazio sortuz: "albumak interpretatu behar dira. Horregatik haurrek laguntzarekin irakurri behar dute".

Arbizuko "enkargu" bat izan zen Zerua Berun emanaldia, baina oihartzuna izan du deialdiak eta Baztanen ere egonen dira. Hala ere, emanaldi bakoitza "ezberdina" izanen dela aurreratu du Castillok.