Nepaletik bueltan

Guaixe 2018ko abe. 13a, 13:37

Eneko Arretxe arbizuarrak “Nepal-Euskal Herria Oxigenoa Euskarari 6.000 metroan ere” proiektuan parte hartu du



Felipe Uriarte alpinista ezagunarekin “Nepal-Euskal Herria Oxigenoa Euskarari 6000 metroan ere” izeneko proiektuan Euskal Herriko probintzi guztietako 14 eta 18 urte bitarteko 12 gazte euskaldunek hartu dute parte, tartean Eneko Arretxe arbizuarrak. Hilabete eman dute Nepalen, eta bertako gazteekin bildu eta bertan trekkingean aritu dira, nork bere hizkuntzak, euskara eta sherpa, sustatuz. Mendi zoragarrietan ibiltzeaz gain, bertako hizkuntzak sustatu dituzte eta oso esperientzia positiboa izan da eurendako, “itzela”. Euskara-sherpa hiztegitxo bat egiteko aukera ere ez dute baztertzen. 6.000 metroko bi mendi igo dituzte, Imja Tse eta Lobu Je. “Tontorrera iritsi ginenean, negarrez hasi ginen, denak oso pozik, helburua lortu genuelako” adierazi du Arretxek Berrian egindako elkarrizketan. “Euskal Herritik milaka kilometrora euskaraz bizi ahal bada, zelan ezingo da bizi Euskal Herrian euskaraz?” gaineratu zuen bere espediziokide Besaide Astobiza bizkaitarrak.

Proiektuaren helburu nagusia euskararen inguruan saretze lana sortzea izan da, Euskal Herri osoko mendigoizale gazteak bildu eta euskararen alde egitea, bai Euskal Herrian eta baita Nepalen ere. Euskaldunek sherpa hizkuntzari buruzko informazioa jaso dute eta haiek, aldiz, euskarari buruzkoa. Proiektua aurrera ateratzeko hainbat ekimen antolatu dituzte gazteek.