Argi berdea konpost plantaren proiektu aldaketarendako

Guaixe 2018ko abe. 18a, 08:24
Konpost metak Arbizuko hondakindegian.

AHT-ren egitasmoak bertan behera utzi zuen Sakanako Mankomunitateak eta Arbizuko Udalak adostutako proiektua.

Sakanako hondakin organikoak tratatzeko konpostatze planta egin nahi du Sakanako Mankomunitateak Arbizuko hondakindegian. Herri horretako udalarekin kokapenari eta bestelako xehetasunei buruzko adostasuna lortu zuen. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren aldeko ebazpena jaso zuen proiektuak. Baina Espainiako Sustapen Ministerioak Sakanan barna Iruñea eta Gasteiz Abiadura Handiko Trenaren (AHT) bidez lotzeko proposamenak Arbizuko dermioan adostutako azpiegiturari eragiten zion, AHTren eragin inguruan zeuden hirigintza lizentziak urte baterako bertan behera gelditzen zirelako.

AHTko lanak berehalakoan eginen ez direlakoan eta konpost planta premiazkoa dela iritzita, planta tren proiektuaren eragin eremutik ateratzea adostu zuten Mank-ek eta udalak. Nafarroako Gobernuak aldaketa horri oniritzia eman berri dio.

Egitasmoa
Konpostatze planta Arbizuko hondakindegiaren mendebaldean egonen da. Sarbide berri bat egin behar da eta hondakindegirako egungo sarbidea handitu, bai eta pisatze baskularen maniobra eremua ere (3.045 m²; hortaz, guztira, 17.045 m²). Planta eraikin angeluzuzena da (1.788,16 m²-ko azalera), fatxadetan zati batean itxita dago altueran, hegalean 7,35 m-ko altuera du, bi isuriko teilatua izanen du eta sarbide ateak izanen ditu hegoaldeko fatxadan eta ekialdean eta mendebaldean. Etorkizunean handitzeko aukerarekin eraikiko da.