"Trikitixa asko landu eta hobetu da"

Guaixe 2019ko urt. 25a, 08:47
Patxi Agirre, ezkerrean, Nafarroako I. Trikitixa Jaialdiaren aurkezpenean. ARTXIBOA

Nafarroako V. Trikitixa Jaialdia eginen da bihar, ilbeltzaren 26an, larunbatean, 17:30ean, Burlatako kultur etxean

Bosgarren urtez antolatuko du Nafarroako Trikitixa elkarteak Nafarroako V. Trikitixa Jaialdia. Patxi Agirre Arbizuko trikitilaria da antolatzaileetako bat. Trikitia Nafarroan Sakanatik sartu zela dio.

Zergatik Burlatan?
Nire asmoa bi urtetik behin Altsasun egitea zen. Niretako garrantzia handia dauka trikitixearen mudnuan Sakantik sartu zelako Nafarroan. Orduan, zerbaitek esaten zidan hemen egin behar nuela. Baina aurten udaletxean hainbat desadostasun egon omen dira eta lekurik gabe gelditu ginen. Leitza, Burlata eta Barañain neuzkan buruan. Burlatan prest zeuden.

Eskertzekoa da laguntza izatea.
Duela 30 bat urte trikitixaren mundu honekin hasi nintzenetik jo ditudan ate guztiak ireki dizkidate. Oso pozgarria da.

Urtero leku batean egiten duzue Jaialdia. Trikitixa eskola dagoelako antolatzen duzue bertan?
Ez du zertan egon behar. Baina, Burlatan, esaterako, handik gertu dago: Txantrea auzoan. Iruñean zazpi bat eskola daude eta Nafarroan ehundik gora.

Beraz, trikitixa eskolak bizirik daude.
Orain daukagun borroka, Gipuzkoan nahiko barneratuta dagoena, trikitixa ikasketak musika eskoletan sartzea da. Ez dut ulertzen zergatik ez duten nahi. Baina ahal da. Zenbaki bidez askoz errazago ikasten da trikitixa. Baina batak bestearekin ez du talka egiten. Lagungarriak izan daitezke. Badira ere trikitixa hemengoa ez dela esaten dutenak ere.  

Zertan aldatu da trikitixaren mundua?
Materialak asko aldatu dira. Eta trikitixa taldetan sartu da eta bultzada handia izan du. Asko landu eta hobetu da. Hamaika lan egin daitezke horri buruz, baina behar dugu jende gaztea horretarako.

Nafarroako Trikitixa Elkartea nola doa?
Elkartea zati bat da. Eta zintzilikatuta dago. Jendea dago trikitixaren inguruan lanean, baina elkarteak ez du oinarririk. Bilerak deitzen ditugu eta betikoak agertzen gara. Beti esaten dut aurtengoa bukatzea laga egingo dudala.

Aurtengo jaialdian denetarik dago.
Honako trikitilari hauek egonen dira: Xabi Aburruzaga, Koldo Uriarte eta Aitor Uribarri; Loren Nuñez eta Jesus Velasco; Roberto eta Miren Etxebarria;Leturia, Motriku eta Imanol; Asier Gozategi,Iñigo Goikoetxea eta Julen Alonso; Koldo Iparragirre eta Iñaki Larrañaga, eta Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña. Eskema guztia aldatuko dute. Loren Nuñez eta Jesus Velasko, esaterako, mexikar doinuak egingo dituzte artistak dira. Lezaungoa eta Abarzuzakoak dira eta sartu ditugu pixka bat aldatzeko. Besteek ere beraiek duten berritasuna eramango dute, nahiz eta erromeria giroan izan. Jaialdi ezberdina da norberak daukan hoberena ateratzen duelako.

Noiz hasten zarete Jaialdia prestatzen?
Apirilean urtarrilean egingo den Jaialdia. Galdetzen hasten gara, ea etortzeko prest daude eta abar.

Afaria ere egongo da gero, Askatasuna elkartea.
Gainera, afaltzeko lekura trikipoteo antzeko bat egiten da. Parte hartzen dutenak, gehi ikustera joaten direnak eta kalean zehar daudenak joaten dira. Giroa sortzen da.