Kattuka azpiko sotoaren erabilerak

Guaixe 2019ko urt. 29a, 10:16
Udalaren bajera haur eskolaren azpian.

Eskolako hiru gela, gaztetxokoa eta udalaren biltegia daude gaur egun.

Kattuka haur eskolaren azpian 900 metro karratuko sotoa du Arbizuko Udalak. Cederna-Garalurren bidez lortutako diru-laguntzaren bidez sotoan leihoak jarri zituzten lehenik. Duela bi urte espazioa banatzen hasi ziren. Lehenik soto hartan gazte txokoa kokatu zuen, 100 metro karratuko espazio bat prestatuz. Tellerieta dermioan eskola berria jasotzeko lanak atzeratu dira. Karmele Marañon Chasco alkateak esan digu ikasturte berrirako prest izanen dela ikastetxe berria, baina, bitartean ikasturte honetan hiru gela eskolatik atera eta aipatu sotoan kokatu dituzte. 200 metro karratu pasako espazioa hartu dute ikasleek behin-behinean.

Marañonek argitu digunez, eskolako gelak hartzen dituen espazio horrek, berez, ludoteka hartuko du heldu den ikasturtean. Egokitzapenak egiteko udalak aurrekontu aldaketa egin zuen eta lanetarako 15.880,69 euro bideratu zituen. Kattukapeko ludotekak gaur egun eskolako sotoaren azpian dagoena ordezkatuko du.

Haur eskola azpiko sotoan beste 100 metro karratu udalaren biltegirako erabiltzen da eta han langileendako aldagelak eta komunak egin dituzte. Horretarako, 12.456,71 euro bideratu ditu udalak. Alkateak esan digunez, lehen Utzubarko nabe batean zuten eta orain gertuago izanen dute.