Kale nagusiko lanak hasi dira

Guaixe 2019ko urt. 25a, 12:24

Hornidura sareko ur ihesak konpondu eta ur-haztegia hobe lan egiteko euri-uren eta ur-beltzen sareak banatuko dira, zorua berritzearekin batera.

Eguberriak pasa bezain laster hasi ziren Erki construcciones SL eta Construcciones Noveleta SLUko langileak Arbizuko kale Nagusia berritzeko lanak egiten. Karmele Marañon Chasco alkateak azaldu duenez, maiatzerako despeditu nahi lituzkete. Eta gogorarazi du lanak egiteko arrazoia. “ur biltegitik ateratzen diren 10 litroetatik 4 besterik ez dira fakturatzen. Gauez ur pila galtzen da eta horrek guztiak udalarendako kostu handia du”. Horregatik berrituko da ur hornidura sarea.

Alkateak gogorarazi duenez,, gaur egun etxeetako ur-beltzak eta euri urak sare berean bat egiten dute eta horrek ur araztegian arazoak sortu eta etxeetan usain txarrak eragiten ditu. Bakoitza bere saretik bideratuko dira orain. Gainera, obra plangintzan aldaketa egin du udalak. Marañonek azaldu digunez, hondakindegiko lixibiatuak Lakuntzan dagoen ur-araztegira eramateko hodia herria zeharkatuko du eta ondoren bat eginen du ur-beltzen sarekoarekin. Horrela, usain txarrak sortzea saihestu nahi dute. Bestalde, udala gas, argindar eta telefonia sareak lurperatzeko enpresekin negoziatzen ari da.

Sareak berritu ondoren, zoladura ere berrituko dute. Horrek kale Nagusiko hirigintzan aldaketa ekarriko du. Oinezkoendako espazio gehiago izanen da eta trafikoarendako bidea estutu eginen da ibilgailuen abiadura murrizteko. Aldi berean, autoen aparkalekuak antolatuko dituzte. Arbizun kamioien trafikoarekin arazoa dute. Izan ere, Lakuntzako industrialdetik ateratzen diren kamioi asko herria zeharkatzen du Sakanako Autobia (A-10) hartzeko. Trafiko hori herritik ez pasatzeko zein neurri hartu daitezkeen aztertzen ari dira udalean, nahiz eta “kaleak estutzeak bere lana eginen duela” espero duten.