Floresi ongi etorria

Guaixe 2019ko urt. 31a, 13:09

Txomin Flores arbizuarraren itzulera ospatzeko eguna izan zen larunbata.

Makina bat urte herritik kanpo bizitzen eman ondoren, Txomin Floresi herrian ongi etorria egin zioten larunbatean. Aurrena euskal iheslari politikoen ibilbidea, gaur egungo egoera eta bizipen pertsonalak hitzaldi batean aztertu zituzten, eguerdian. Udaletxean egindako hitzaldian 80 bat pertsona elkartu ziren eta bertan Mikel Kortak (Kalera dinamikakoa) eta Lurdes Mendinueta eta Koldo Flores iheslari ohiek hartu zuten hitza. Ekitaldia larunbatean hil zen Oier Gomez preso ohiaren aipamenarekin hasi zen.

Kortak euskal erbestearen historiaz eta bilakaeraz hitz egin zuen, bai eta datu ugari eman ere lehengo nahiz egungo egoeraz, esate baterako, kalkuluen arabera 70 bat direla gaur egun dauden euskal iheslariak, horietako 14 deportatuak. Euskal iheslari eta deportatuen auzia bideratu beharraz ere mintzatu zen, eta Kalera kalera dinamikak horretarako proposatu dituen gako nagusien berri eman zuen, gehienbat haien egoera juridikoarekin zerikusia dutenak, besteak beste Entzutegi Nazionalak informazioa ematea abokatuei, erregularizatzeko aukerak aztertzeko, edo zigorren preskripzio epeak era naturalean kontatzea. Ondoren, bi herritarrek erbestean izandako bizipenak kontatu zituzten.

Ondoren, 120 lagun inguru bildu ziren mahaiaren bueltan. Giro ederrean, 21:30 arte luzatu zen ospakizuna: kantuak, dantza, opariak... Oraindik ere kanpoan daudenak ahaztu gabe, euskal preso eta iheslari guztiak etxean izan arte lanean jarraitzeko deiarekin bukatu zen eguna.