Kataluniarekin elkartasunez

Guaixe 2019ko ots. 13a, 10:28
Kataluniako buruzagien epaiketa salatzeko kontzentrazioa. Argazkia: @Arbizuko_GED

Gure Esku Dagok salatu zuen buruzagi kataluniarren kontrako epaiketa “erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa dela”.

Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako prozesu independentistako buruzagi politiko eta zibil batzuk epaitzen hasi ziren atzo. Hori dela eta Gure Esku Dagok deituta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 60 herrietan baino gehiagotan kontzentrazioak egin ziren. Gure Esku Dagok oinarrizko hiru aldarri egin zituen atzo: konponbidea, demokrazia eta askatasuna. Horiei “elkartasuna aterpe” hitzak gehitu zizkion deialdietako leloa osatzeko. Kontzentrazioak egin ziren herrietako bat Arbizu izan zen. Gure Esku Dagoko ordezkariek adierazi zutenez, “preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztien eskubideak daude jokoan”.

Gure Esku Dagok oinarrizko hiru aldarri egin zituen atzo. Lehenik, “epaiketa denon kontua da. Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako eta, beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jokoan jartzen dituelako”. Gure Esku Dagotik, bestetik, salatu zutenez, “erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dute. Erabakitze eskubidearen kontrako epaiketa da, herrien autodeterminaziorako eskubidea ukatu nahi duena”.

Demokrata diren guztiak epaiketari aurre egiteko elkartu beharra dagoela gaztigatu zuten Gure Esku Dagoko eledunek. Donostian igandean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu zuten atzo. Gipuzkoako hiriburuko Katalunia plazatik abiatuko da, 12:00etan. Donostia horiz jantzi nahi du Gure Esku Dagok. Horretarako, aterki horiak eskuragarri jarriko ditu manifestazioaren hasieran eta bukaeran (Bulebarreko kioskoa). Manifestazioan eta epaiketak irauten duen bitartean horiz jantzi edota xingola edo osagarri horiak eramateko eskaera ere egin dute herri ekimenetik.