Juanjo Olasagarre 'Otto Pette' eleberriaz

Guaixe 2019ko ots. 14a, 09:06
Juanjo Olasagarre idazle arbizuarra. ARTXIBOA

'Otto Pette' Anjel Lertxundiren eleberriak 25 urte betetzen ditu aurten, eta urteurrenaren harira jardunaldiak antolatu dituzte Bilbon. Hortaz, gaur Juanjo Olasagarre idazle arbizuarrak hitzaldia emanen du

Otto Pette Trumpen garaian izendatu du Juanjo Olasagarrek gaur, otsailaren 14, 19:00etan, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan eginen duen hitzaldia. Anjel Lertxundiren eleberriak 25 urte betetzen ditu, eta haren liburuaren inguruan hausnartzeko hiru eguneko jardunaldia antolatu dute Bilbon. Gaur amaituko da Olasagarreren hitzaldiarekin. Gainera, gaur, Danele Sarriugartek ere Otto Pette tresna-kutxa hitzaldia emanen du.

Bilbon egin den jardunaldiaren helburuak Lertxundiren nobela gaur eguneko egoerara ekartzea eta edukiak aztertzea izan dira; besteak beste, Lertxundiren eleberriak euskal literaturari egindako ekarpenari buruz hitz egin dute Itxaro Borda eta Juan Garzia, Danele Sarriugarte eta Juanjo Olasagarre idazleek. Jardunaldia Bernardo Atxaga idazlearen eta Juan Kruz Gurrutxagaren Otto Pette-ren irakurraldi dramatizatuarekin hasi zen otsailaren 12an, asteartean.

Eleberriaren mende laurdenarekin batera ere edizio gaurkotua argitaratu zuen urrian Alberdaiak, duela 25 urte lehen alea kaleratu zuen argitaletxeak. Urtean zehar hainbat ekimen gehiago eginen dira, besteak beste, Bilbon Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta.