Hamaika kinto aurten

Guaixe 2019ko mar. 1a, 14:28

Kinto-eskean.

Baserritar jantzien gainetik more koloreko festetako atorra jantziko dute, lotsabaiek idatzia duena.

Arbizun aurtengo kintoak dozena bat badira ere hamaikek parte hartuko dute ospakizunetan: Ane Imaz, Macr Lima, Urtzi Mendinueta, Haizea Goñi, Ander Flores, Inaxio Fernandez, Ouahiba Liachi, Borja German Ganboa, Olaia Razkin, Nerea Perez eta Mikel Murillo. Gaur afaltzera elkartuko dira. Ondoren, kinto-ospakizunak pagatzeko Argi Bidea elkartean barra zabalduko dute eta parranda izanen da. Bihar kintoek ihote ospakizunarekin bat eginen dute.

Igandean, 10:00ak aldera etxez etxeko kinto-eskeari ekinen diote, trikitilariak eta pandero-joleak lagun. Herrian barnako buelta despeditu ondoren bazkaltzera joanen dira. Eta mahaitik jaso ondoren, Tolosan segituko dute parranda. Astelehenerako antzeko asmoa dute, poteoan ibili eta bazkaldu ondoren Tolosara joatea.

Astearte ihotean hainbat lan egin beharko dituzte kinto arbizuarrek. Alde batetik, ihoteko protagonista diren aittun haundiya eta amiñ ttikiya prestatu beharko dituzte. Bestetik, gurasoekin batera, txokolate jana eta haur jolasak prestatu beharko dituzte. Eta Azkenik, Aldabide elkartean izanen den herri bazkaria prestatu beharko dute. Elkarteko egitekoak despeditu ondoren, kinto arbizuarrek Altsasun eginen dute parranda.