Ia urte bat daramat lanean Arbizuko liburutegian eta hasieran ez nekien oso ongi zer gomendatu etortzen zen jendeari, gehienetan mota berdineko liburuak irakurtzen nituen eta hori aldatzea erabaki nuen. Nola? Beste liburu klaseei aukera bat ematen. Liburutegian kanpaina bat daukagu abian: Hartu liburu bat itsu-itsuan. Liburuak forratuta daude eta pista txiki batzuk dauzkate idatzita. Pista horien arabera liburua hautatu dezakezu eta etxera ailegatzean zabaldu eta zer tokatu den jakingo duzu. Interneten ikusi nuen eta aukera bikaina iruditu zitzaidan beste liburu klase eta idazleei aukera bat emateko.
Horregatik ez ditut liburu “berriak” gomendatuko baizik eta, agian, erraz hartzen ez ditugunak.
Nire lehendabiziko aukera neskato yemendar eta gazte baten bizitza kontatzen duen liburua da: Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua - Nojud Ali. “Neskatila txikia da Nojud, ez da erregina ezta printzesa ere, guraso batzuk eta neba-arreba asko dituen neskatila arrunt bat baizik. Baina, 2008ko otsaileko gau hotz eta ilun batean, malko lodien atzean ezkutatu zen bere begirada polit bihurria, aitak esan ziolarik bera baino hiru aldiz zaharragoko gizon batekin ezkondu behar zuela”.
Bigarren aukera bezala eleberri grafikoa: Gerezi garaia – Belatz. “Teoria ederren zale baino, ekintza-gizona dugu Lucio Urtubia. Haren bizitza etenik gabeko borroka bat izan da, eta, batzuek kontrakoa uste duten arren, ondare hori utzi digu, Lucioren altxorra. Belatzek luze galdekatu du Lucio hainbestetan kontatutako pasadizoen inguruan, ekintzak, lekuak, pertsonak, gertakizunak, atmosferak iruditan zehaztasunez islatu ahal izateko.”
Eta azkenik etxeko txikiei zuzendutako aukera: Tximeleta belarriak – Luisa Aguilar, André Nieves. “Maddi neska berezia da, eta ez ezerk ez inork ez du lortuko haren ezaugarriei balioa kentzerik, amak gakoa eman baitio edozein kritikaren aurrean airoso ateratzeko: autoestimua, irudimena eta naturaltasuna”