1. Nola bizi izan duzu Nafarroako Bertsolari Txapelketa?
Laneko kontuengatik eta ez dut Txapelketa asko jarraitu, baina Saats Karasatorre eta Eneko Lazkoz zerbait jarraitu ditut eta ongi egon dira. Idoia Granizo ere kanporaketan jarraitu nuen eta ongi.
2. Zer sentitu zenuen txapela jartzeko zugan pentsatu zutela esan zizutenean?
Duela bi urte inguru telefonoa galdu nuen eta deitu zidatenean elkartetik zirela esan zuten eta uste nuen epaile bat edo gai-jartzaile bat behar zutelako deitzen nindutela. Beti behar da jendea. Baina finalean txapela jartzeko zela esan zidatenean ilusioa egin zidan. Elkartean egindako lanaren errekonozimendua da.
3. Bertsozale Elkartearen bultzatzaileetako bat izan zinen. Irakasle ere izan zara.
1995ean sartu nintzen, 24 urte nituen eta gazteetatik zaharrena nintzen. Bortziriak aldean zerbait zegoen eta beste hainbat lekutan, baina gutxi. Lesakan Estitxu eta hasten ari ziren ere. Hutsetik hasi ginen. Polita izan zen.
4. Nola ikusten duzu gaur egungo bertsolaritzaren egoera Nafarroan?
Bertsolaritza baino euskal kulturgintza osotasunean ikustea gustatzen zait, eta duela 40 urteko egoerarekin alderatzen badugu asko egin dela esan daiteke.
5. Txapelketarekin ere euskal kultura Nafarroa osoan hedatu nahi izan dute.
Bai, eta oso ongi dago. Hori da bertsolaritzak duena, euskal kultura hedatzeko balio duela. Aurten lehenengo saioa Tuteran egin zen. Gogoratzen naiz 1997an edo Tuteran egin genuela saio bat ere eta euskaltegiko eta bertso eskoletako ikasleak eraman genituen. Jende asko mugitu genuen eta oso polita izan zen.
6. Sakanako bertso eskoletako irakaslea ere izan zara.
Jendea badago, azken finean bertso eskolak bertsotan aritzeko taldeak dira. Bi pertsona baino gehiago behar dira aritzeko. Hilabete batean lau lerrotako bertsoak egiteko gai dira. Baina gero bertsolaritzan jarraitu behar dute. Gogoak eta nahia izan behar dute. Eskolaz kanpoko gauza asko dituzte, eta bertsolaritza ez da lehentasunezkoa. Hori da zailena, behin hasiz gero jarraitzea. Gainera, bertsolaritzak etxean lan egitea eskatzen du ere. Ikusten ez den lan handia dago atzetik, eta oso garrantzitsua dena. Altsasun hamar pertsona inguruko bi talde daude, Urdiainen ere uste dut beste pare bat dagoela, Etxarrin... Hamar eta hamabi urte bitarteko haurrak dira. Saiatu behar gara horiek mantentzen. Baina horretan ari gara.
7. Sakanan, besteak beste, Eneko Lazkoz, Saats Karasatorre eta Idoia Granizo gogoekin ari dira bertsolaritzan.
Bai, ari dira. Eneko 13-14 urterekin hasi zen. Gero tarte batean utzi zuen, baina 2009an hasi zen berriz eta lan handia egin zuen. Hor atzean etxean egiten den lan hori dago, ikusten ez den lana. Saatsek ongi ari da, txapelketa ona egin du, baina gehiago egin dezake. Eta Idoia hasiberria da. Bertsolaritzan ere esperientzia gradu bat da.
8. Zerbait berezia behar da bertsolari izateko?
Bertsotan aritzeko ez. Edozeinek egin ditzake bertsoak. Esan bezala, ikasleak hilabete batean bertsotan aritzeko gai dira. Baina bertsolari ona izateko zerbait berezia izan behar da. Edozein ez da agertokira ateratzeko eta kantatzeko kapaza.
9. Zu nola hasi zinen bertsotan?
Kasualitatez izan zen. Gasteiza ikastera joan nintzen. Han bertso eskola zegoen eta Bertsolari Txapelketa zen garai horretan. Nik ez nuen bertsolaritza ezagutzen, ez nekien horren inguruko ezer. Ezagun batek ezagutzen zuen eta txapelketa ikustera joan ginen. Txapelketa jarraitu nuen, gustatu zitzaidan eta gero ni bertso eskolan hasi nintzen.
10. Bertsolaritzan bertsotan aritzea ez ezik, beste hainbat lan daude. Eta guztiak egin dituzu.
Bertsolariek diote errazena saioan bertsoak kantatzea dela. Gai-jartzaileak izugarrizko lana egiten du. Gaiak aukeratu behar dira, landu eta zehaztu, eta saio bakoitzean gai ezberdinak izan behar dira. Aste batean bi saio badira, lan gehiago. Epaile izateko ere trebakuntza txiki bat behar da.
11. Zer sentituko duzu une horretan? Eta Enekori jarri behar badiozu?
Ez dut momentu horretan asko pentsatu, baina bai Enekori txapela jartzeko aukerak daudela. Eta emozio handia sentituko dut. Joanes eta Xabat Illarregi ere ezagutzen ditut bertso eskolan egon ginelako elkarrekin, Julio Soto ere aspaldi ezagutzen dut... Polita izango da. Baina bai, Enekori jartzea berezia izango da. Ez dut asko pentsatu. Zenbait bertso botatzea ere pentsatu dut, baina oraindik ez dut ezer prestatu. Momentuaren araberakoa izango da. Ateratzen badira ongi.
11+1. Kinielarik?
Julio Soto txapelduna da eta ongi ari da. Enekok egiten dakiena egiten badu irabaz dezake. Joanes eta Xabat ere oso ongi ari direla esan didate. Baina Julio eta Enekoren artean egongo dela uste dut.