Arbizuko Duatloia, bihar

Guaixe 2019ko mar. 29a, 13:39
2017ko Arbizuko duatloiaren irteera. ARTXIBOA

Altsasuko Duatloia aurreko larunbatean jokatu eta gero, bihar, larunbatean, 16:00etan, duatletek Arbizun dute zita. 22. Arbizuko Duatloia eginen da. Iaz bertan behera gelditu zen eguraldi txarrarengatik

Arbizuko 22. Duatloia jokatuko da bihar, larunbatean. 16:00etan izango da duatleten irteera. Arbizuko Udalak antolatzen du proba eta Sakanako Triatloi taldearen, Sakanako Mankomunitatearen, Aralar Txirrindularitza Taldearen, Arbizu Kirol Elkartearen, Aldabide Elkartearen eta hainbat enpresa eta komertzioaren laguntza izan du udalak, herritarren babesarekin batera.

Duatloia
Antolakuntzak gehienez 115 duatleta parte hartzeko muga jarri zuen. Parte hartzaileek 5,6 kilometro korrikan egin beharko dituzte, ondoren, txirrindulak hartu eta 24 kilometroko ibilbidea egin beharko dute eta, amaitzeko, txirrindula utzi eta 2,8 kilometroko distantzia egin beharko dute korrikan.

Ibilbidean aldaketak egin behar izan dituzte Arbizun egiten ari diren obrengatik. Arbizun egindako ibilbideari bi buelta eman beharko diote duatletek, 5,6 kilometro osatuz. Fernando Urkia kalean hasiko da lasterketa, herriko parkean. Kale honi jarrituz San Juan ermitara bidea hartuko dute korrikan eta autobidea goitik pasata Lizarratik datorren errepideraino jaitsi beharko dira. Errepidetik herrirantz itzuliko dira. Kale nagusian sartuko dira, baina plazara iritsi aurretik eskuineko kalea hartuko dute. Zubia gurutzatu ondoren Iruñeko Etorbidean ezkerrera egin eta Fernando Urkian egongo da helmuga bigarren bueltari ekiteko.

Bigarren itzulian, helmugara iritsi aurretik, errepidea azpitik joan behar dira parte hartzaileak trantsizio gunera iristeko. Bertan txirrindula hartuko dute eta 24 kilometro osatu beharko dituzte. Txirrindularekin Iruñeko Etorbidetik Loinatz bidera joango dira. Bide honi jarraituko diote NA-7520 errepidera irteteraino eta Beasaingo noranzkoa hartuko dute, NA-120 errepidearen bidegurutzeraino. Bertan, Etxarri Aranatz aldera joango dira. Hemen eskuineko bidea hartuko dute eta Arbizura itzuliko dira Fernando Urkia kaletik gora eta San Juan ermitara bidea hartuz. Lasterketaren punturik altuena, 750 metro, hartuko dute Lizarraranzko norabidea hartuta. Ondoren, Etxarri Aranazko bidea hartuko dute NA-120 errepidea hartuz eta Arbizura NA-2410 bidea hartuta. Iruñeko etorbidearen ezkerreko bazterrean trantsizio gunea egingo da.

Trantsizio gunean txirrindulak utziko dituzte duatletek eta hasierako zirkuitoari azken itzulia eman beharko diote, 2,6 kilometro osatuz.

16:00etan gizonezkoen proba izango da eta bost minutu beranduago emakumezkoen irteera izango da. Proba amaituta, 18:30ean, sari banaketa izango da eta Aldabide elkartearen eskutik auzatea egongo da. 

Antolakuntzak Arbizura gerturatzen direnei Lakuntzatik edo Etxarritik sartzeko deia egin diete, duatloia dela eta Arbizuko herri gunea itxita egongo delako. Halaber, segurtasuna bermatzeko bidegurutzeetan egongo diren boluntarioei kasu egiteko eskatu dute. Ildo honetan, antolakuntza lanean pertsona ugari ariko dira eta antolatzaileak oso eskertuta daude.