Guaixe eta Oixe hemeroteka Arbizun kontsultatzeko

Guaixe 2019ko api. 1a, 08:42

Hemerotekaren standa Urdiaindik, Ziorditik eta Altsasutik pasa da aurretik.

Sakanako hilabetekariaren eta astekariaren ale zaharrak ikusteko aukera izanen da Arbizuko liburutegian, 16:30etik 20:00etara, gaurtik apirilaren 17ra arte.

Guaixek aurten 25 urte beteko ditu abenduan eta bere hasierak gogorarazten dituen hemeroteka ibiltaria prest du, Arbizuko liburutegira gaur iritsiko dena. Han, propio, stand bat jarriko du Guaixe fundazioak, bertan eseri eta Sakanako euskarazko publikazioen ale zaharrak kontsultatzeko aukera izanen da. Alde batetik, 1994 eta 2002 artean argitaratu ziren Guaixeren hilabetekari guztiak. Eta, bestetik, 2001 eta 2003 urteen artean argitaratu ziren Oixe astekariak ere. 



Garai bateko herriko eta ibarreko kontuak gogoratzeko, garai bateko janzkerekin eta orrazkerekin harritzeko eta askoz gehiagorako ematen du Guaixeren hemeroteka ibiltariak. Gainera, irakurleak bere burua opa dezake orri-pasa ari dela. Hala bada, Guaixe fundaziotik gonbidapena: orriarekin batera argazkia ateratzea eta sare sozialetan #batzengaituena edota #Guaixe25 traolekin partekatzea. Nahi duen guztiak standean dagoen photocall-arekin argazkia egiteko aukera du. Argazki horiek partekatzeko gonbidapena egiten du fundazioak ere.

Eta bakarren batek hemerotekako zenbaki bat berarendako nahiko balu, eskertuko genioke Guaixe fundazioarekin harremanetan jartzea admin@guaixe.eus e-postara idatziz, eta fundazioak eskatutako zenbakia oparituko dio. Trukean alearekin agertzen den argazki bat egitea eskatuko diogu, sare sozialetan partekatzeko.



Egutegia

Liburutegia       Data
Arbizu               Apirilak 1-17 

Irurtzun             Irailak 30-Lastailak 11

Etxarri Aranatz  Lastailak 14-25


Olatzagutia       Lastailak 28-Azaroak 8