Euskaldun berrien “klikari” aitortza

Guaixe 2019ko api. 13a, 12:41
Euskaldun berri omenduak eta udal ordezkariak. Argazkia: Arbizuko Udala.

Kultur-Korrikaren barruan, euskaldundu diren arbizuarrak omendu zituzten. Udalak antolatutako estreinako omenaldian 20 herritarrek jaso zuten aitortza.

“Zuen ekarpenari esker ere Arbizu euskaren herria da, euskaraz biziko den Euskal Herriaren aleak zarete. Denok gara”. Eta euskaraz hitz egiteko eta “Korrikako lekukoa bezala ondorengoei hizkuntza transmititzeko” gonbidapena luzatuz despeditu zuten larunbat eguerdian euskaldun berri arbizuarrei egindako omenaldia. Izan ere, Arbizun badira euskaldun berriak. Baina “klika” egin ez dutenak ere. Udaletik adierazi zietenez, haiekin batera Arbizun euskaraz bizi nahi dute. Horregatik, euskara ez dakiten arbizuarrei “klika hori egiteko” deia egin zieten.

Euskaldun berriei egindako omenaldian adierazi zutenez, “herri euskaldun batean bizi zinetela ikusirik, une batean Klika egin zenuten; lehen pausoa ematera ausartu zineten. Horrela, pitteka-pitteka, lehen hitzak eta esaldiak ikasi zenituzten. Eta, bat-batean, ingurukoekin euskarazko lehen hitzak gurutzatu zenituzten. Eta jabetu zinetenean egindako ahaleginak merezi zuela, pentsatu zenuten merezi zuela euskaltegira desorduetan joateak”. Euskara etxetik dakitenek “ez dugu inoiz jakiterik izango zer poz sentitzen den une berezi horretan. Inbidia sanoa gurea”. Eta herritar guztiei zuzendutako mezua ere eman zuten omenaldian: “Arbizun osoki euskaraz bizitzera iristeko denon ekarpen xumea beharrezkoa da”.

Gehiago
Korrikaren atariko Arbizuko egitaraua Kike Amonarrizen hitzaldia zabaldu zuen ostiralean. Soziolinguista ezagunak euskara biziberritzearen inguruko hainbat gako eman zituen hizketaldian. Larunbatean, Korrika txikia eta jolasak izan ziren. Herriko haurrek euskararen aldeko mezua irakurtzeko baliatu zuten.