Balda irailaren 16tik aurrera epaituko dute

Guaixe 2019ko api. 11a, 20:48

Fran Balda Araña atxilotu zutenekoa.

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute beste 46 euskal herritarrekin batera. Guztiei “ETAko espetxe fronteko” kide izatea leporatzen diete. Baldarendako fiskaltzak 20,5 urteko espetxe zigorra eskatzen du.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian irailaren 16tik aurrera eseriko direnak presoen abokatuak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeko kideak, presoen senideak biltzen dituen Etxerat, presoen osasun egoeraz eta eskubideez arduratzen den Jaiki Hadikoak eta presoen giza eskubideak aldarrikatu zituen Herrira mugimenduko kideak dira. Azken erakunde horren kontrako bi sarekadetan atxilotu zuten Fran Balda Araña: 2013ko irailaren 30ean eta lastailaren 4an askatu eta 2015eko ilbeltzaren 12an atxilotu eta urte hartako lastailaren 16an askatu zuten.

Baldari fiskaltzak honako delituak egozten dizkio: erakunde terroristan parte hartze aktiboa (11 urteko espetxe zigor eskaera), terrorismoaren goratze jarraitua egitea (2,6 urte), terrorismoa finantzatzea (6 urte) eta kautela-neurria urratzea (0,11 urte). Guztira 20,5 urteko espetxe zigorra eta 10.800 euroko isun eskaera egin du fiskaltzak arbizuarrarendako. Baldintzapeko askatasunean dago ordutik, hamabostean behin epaitegira joan behar du eta ezin du estatutik atera.

Adierazpenak
Auzipetuek ohar bidez jakinarazi dute epaiketak gutxienez hiru hilabete iraunen duela. Atxiloketetatik orain arte ezarritako neurriak euren “bizitzak baldintzatu” dituela gaztigatu dute eta aurrean duten egoera, espetxeratzea eta urruntzea, “gogorra” dela aitortu dute. Gaztigatu dutenez, “kausa justu baten alde antolatu gara, elkartasuna antolatu dugu, giza eskubideak aldarrikatu ditugu eta preso eta iheslariak herrian egon daitezen lan egin dugu”. Euren jarduna “erabat publikoa” izan dela nabarmendu dute, “helburu argiak izan ditu: euskal presoen eskubideak errespetatuak izatea, Euskal Herrian justiziazko bake egoera bat behingoz finkatzeko”.

Auzipetuen iritziz euskal presoek bizi duten egoera “mundu osoan ematen ari den inboluzioa eta eskubideen urraketa itzelaren adibide argia da”. Epaiketaren aurrean “ez direla geldirik egonen” gaztigatu dute. “Epaiketa honen bidegabekeria salatuko dugu. Bide hau beste herritarrekin batera egin nahi dugu, herritarrak garelako egoera aldatu eta justiziarako bidea egiteko bermerik eraginkorrena”.

Datuak
5 pieza ditu epaiketak.
47 dira auzipetuak.
601 urteko espetxe zigor eskaera.
117.600 euroko isun eskaera.